Ostadar Proiektua – DBH

| es | fr | ca | gl | pt | en | zh | +

ostadar2Ostadar proiektua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza etapako curriculumaren kudeaketarako diseinaturiko proiektua da. Ikasleentzako eta irakasleentzako hainbat ikasmaterialek osatzen dute euskarri desberdinetan: paper euskarrian, ikus-entzunezkoak, multimedia eta baita internet bitartezkoak ere.

Euskara eta Literatura

Modu askotan definitu izan da hizkuntza: gaitasuna, aktibitatea, hizketa-ekintza multzoa, produktua, sistema formala, etab. Gure proiektuan, gauza horien guztien gainetik, komunikaziorako erabiltzen den hautazko zeinuen sistema da hizkuntza. Sistema dela esatean hizkuntzaren alderdi estrukturala azpimarratzen da, elkarren artean loturik dauden neurrian eta osotasunari erreferentzia egiten dioten neurrian zentzu eta balio osoa duten elementuz osaturik dagoen sistema. Alabaina, hizkuntza-sistemaren unitate komunikatiboa ez da hitza, ez eta esaldia ere, diskurtsoa baizik, mota askotako testuetan gauzatzen dena. Testuak, aldiz, komunikazioa gertatzen den egoerari eta komunikazioak duen xedeari egokitzen zaizkie, eta, beren osotasuna lortuko dute, baldin eta euren arau propioez gain, sortu diren hizkuntzaren azpi sistema fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoen erregelak ere betetzen badituzte. Beraz, sistema eta komunikazioa elkarrekin lotuta daude egiten dugun planteamenduan, eta, horrenbestez, hizkuntza erabilera-eremu sozialetan komunikaziorako erabiltzen den sistematzat definitzen dugu.

Hizkuntza helburua, komunikazio premia guztiei erantzuteko, tresna hori egoki eta zuzen erabiltzen irakastea da, hizkuntza testuinguru eta zeregin anitzetarako erabiliz, eta erabilera horren inguruko hausnarketa eginez. Horixe baita hizkuntzaren jabetza lortzeko bidea. Eduki-multzo nagusiak beraz, erabilera sozialak izango dira: jendarteko harremanak, literatura, ikaskuntza, komunikabideak, instituzioekiko harremanak. Eta erabilera-eremu horietatik sortutako testuen lanketan eta ikasleek burututako komunikazio-ekintza jakinen inguruko hausnarketan gauzatuko dira testuinguruari atxikitako gramatikaren lanketa eta hizkuntz sistemaren kontzeptualizazioa.

Marko honetan hizkuntzaren alderdi soziolinguistikoak ere garrantzi berezia hartzen du gure ikuspuntutik: eduki multzo berezi bat sortzen da, hizkuntzaren historiari, hizkuntz aldaerei eta hizkuntzen arteko harremanei buruzko hausnarketa egitera bideratzen duena.

Hizkuntza-ikuspegiaren oinarriak

1. Hizkuntzari buruzko ikuspegia

Modu askotan definitu izan da hizkuntza: gaitasuna, aktibitatea, hizketa-ekintza multzoa, produktua, sistema formala, etab. Gure proiektuan, gauza horien guztien gainetik, komunikaziorako erabiltzen den hautazko zeinuen sistema da hizkuntza. Sistema dela esatean hizkuntzaren alderdi estrukturala azpimarratzen da, elkarri loturik dauden neurrian eta osotasunari erreferentzia egiten dioten neurrian zentzu eta balio osoa duten elementuz osaturik dagoen sistema. Alabaina, hizkuntza-sistemaren unitate komunikatiboa ez da hitza, ez eta esaldia ere, diskurtsoa baizik, askotariko testuetan gauzatzen dena. Testuak, aldiz, komunikazioa gertatzen den egoerari eta komunikazioak duen xedeari egokitzen zaizkie, eta, beren osotasuna lortuko dute, baldin eta euren arau propioez gain, sortu diren hizkuntzaren azpisistema fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoen arauak ere betetzen badituzte. Beraz, sistema eta komunikazioa elkarrekin lotuta daude egiten dugun planteamenduan, eta, horrenbestez, hizkuntza erabilera-eremu sozialetan komunikaziorako erabiltzen den sistematzat hartzen dugu.

Aipatu hizkuntzaren ikuspegia didaktikoki garatzeko unean, paradigma eraikitzailean, eta, bereziki, Vigotskyren inguruko interakzionismo sozialaren barruan kokatzen diren korronteen ekarpenak hartu ditugu kontuan. Korronte horiek guztiek duten ardatz komunean oinarritu gara: hizkuntza talde-ekintzaren eta elkarlanaren zeinutzat hartzen da, eta hizkuntza-formen deskribapen abstraktua alboratuz, formen esanahia erabileraren bitartez bakarrik eraikitzen dela baieztatzen da; horrenbestez, hizkuntzaren talde-ekintza erregulatzeko tresna-izaera hobetsiz garatzen dira hizkuntzaren beste alderdi nagusiak: barne-antolaketarako tresna, errealitatea irudikatzeko eta pentsamendua garatzeko tresna-izaera. Ildo horretatik, komunikazioa izango da irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren estrategia nagusia, eta diskurtsoa elkarrekintzaren adierazle linguistikoa.

Aipatu berri dugun hizkuntzaren ikuspegitik bideratzen diren korronteak ugariak izanik, ardatz nagusitzat hartu duguna Bronckart-ek eta bere kolaboratzaileek landu dutena da.
Lehenengo eta behin, testu-aniztasuna giza ekintzen aniztasunaren isla da. Hori dela eta, diskurtsoen teoria oro portaera komunikatiboarekin giltzatuta eraiki beharko litzateke. Hona hemen aipatu autoreek nola ikusten duten erlazio hori:

1. Ikuspuntu psikologiko orokor batetik, hizkuntza-ekintza helburu bat lortzeko portaera egitura bat da; komunikazio-helburuak amaigabeak direnez, hizkuntza-ekintzaren aukerak ere amaigabeak dira.
2. Hizkuntza-ekintza bakoitza komunikazio-leku bati giltzatuta gertatzen da; komunikazio-leku horrek bi izaera ditu: bata materiala (enuntziazio-egoeraren parametro materialak: igorle-hartzailea, espazioa, denbora), eta bestea soziala (benetako interakzioaren parametroak: solaskideen rolak, leku soziala…).
3. Hizkuntza-ekintza bakoitzean, igorleak, ingurune komunikatiboa irudikatu ondoren, berak nahi duen helburua lortzeko, diskurtso mota egokiena aukeratzen du (historikoki kultura horretan garatu direnen artean).
4. Kalkulu horien emaitza testu arketipo baten aukeraketan islatzen da.

Elementu horiek guztiek hizkuntza-ekintzen aniztasuna adierazten digute, eta hortaz, hainbat testu-genero mota dagoela.

Ondorioz, ikasleen komunikazio-premia guztiei erantzungo bazaie, didaktikaren helburua hauxe da: testu-genero mota horiek (ahozkoak nahiz idatzizkoak) egoki eta zuzen ulertzen eta sortzen irakastea, era askotako testuinguruetan eta asmotarako erabiliz, eta erabilera horren inguruko hausnarketa eginez. Horixe da hizkuntzaren jabetza lortzeko bidea. Eduki multzo nagusiak, beraz, erabilera-eremu sozialak izango dira: jendarteko harremanak, literatura, ikaskuntza, komunikabideak, instituzioekiko harremanak… Eta erabilera-eremu horietan sortzen diren testuen lanketek eta ikasleek burututako komunikazio-ekintza jakinen inguruko hausnarketek definituko dute testuaren maila bakoitzari dagokizon edukien lanketa eta hizkuntza-sistemaren kontzeptualizazioa.
Horrela, hizkuntzari eman zaion ikusmolde komunikatiboaren ildotik, hizkuntzari buruzko hausnarketak perspektiba berria hartzen du. Gramatika tradizionalean ohiko diren osagaiez gain, ezohiko eta berri diren batzuk sortu dira. Beste modu batera esanda, hizkuntzaren analisirako marko berri bat zabaldu da; eta horrekin batera, hizkuntza irakasteko marko berria.

Marko horretan, hizkuntzaren alderdi soziolinguistikoak ere garrantzi berezia hartzen du gure proiektuan: eduki multzo berezi bat sortzen da, hizkuntzaren historiari, hizkuntza-aldaerei eta hizkuntzen arteko harremanei buruzko hausnarketa egitera bideratzen duena. Ikus jarraian dagoen koadroa:
0001_1

2. Hizkuntzen ikusmolde integratzailea: curriculum integratua

Hizkuntzen arteko curriculum integratuaren (bateratuaren) oinarria ELEAZNITASUN kontzeptuan datza. Gaur egun, frogatuta dago hizkuntzak ez ditugula elkarrengandik aparte jasotzen eta gordetzen, beti elkarren artean erlazionatzen ditugula eta elkarreraginean garatzen direla, gaitasun linguistiko orokor baten agindupean. Halaber, hizkuntza-datuak aztertzen eta antolatzen dituen nolabaiteko “ordenagailua” dugu gizakiok, hau da, inguruan ditugun hizkuntza guztiak prozesatzeko baliagarri zaizkigun konpetentzia komun batzuen jabe gara. Bistakoa da, halere, hizkuntza bakoitzak berezko ezaugarriak badituela, espreski ikasi beharrekoak.

Gaitasun komun horietan oinarriturik, ez du zentzurik ikastolako hizkuntza-curriculuma hiru edo lau curriculum isolaturen batura gisa planteatzeak; Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik bidera daiteke soilik, hizkuntza eta komunikaziorako heziketa curriculumeko hizkuntza guztiak biltzen dituena.

Hizkuntzen interdependentzia printzipioan oinarrituko dugu, beraz, hizkuntzen lanketa bateratua. Jim Cumminsek honela definitu du:
Hizkuntza batean lortutako hainbat gaitasun eta ezaguera, erabiltzen diren beste hizkuntzetara transferitu egiten dira, baldin eta hizkuntza horietan komunikaziorako aukerak eta motibazioa badaude.

Baina hizkuntzen arteko transferentzia horiek ez dira automatikoki gertatzen; horretarako, lagundu, bideratu eta zubi-lana egin beharra dago. Horregatik arloaren trataera komunari ezinbestekoa deritzogu.

Hizkuntzen jakintza-gaiei tratamendu bateratua emanez, ikusmolde integratzailea eman diogu HIZKUNTZA arloari. Hau da, euskararen, gaztelaniaren eta atzerriko beste hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza hizkuntza-curriculumaren proposamen bakarrean gauzatzen da gure proiektuan. Horretarako:

1. Curriculumean integratutako hizkuntza guztiak korronte bereko erreferente teorikoetan oinarritu ditugu (jakintzen, ikaskuntzaren nahiz diziplinaren arloan).
2. Hizkuntza-didaktikaren kontzepzio bera hautatu dugu guztientzat, edota ildo beretik doazen metodologiak. Horrek eskatu digu, besteak beste, eskuragai diren helburuetarako esku-hartze pedagogikorik egokiena adostea.
3. Eraginkortasunaren izenean eta kontraesanak eta edukien alferrikako errepikapena saihestuz, ikasketa-prozesuen osagarritasuna bideratzeko, hizkuntza guztiak modu bateratuan programatu ditugu. Horrela, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak landu ditugu eta hizkuntza batetik bestera transferi daitezkeen edukiak definitu; azken batean, hizkuntzen erabilera errealera hurbiltzen garenean, bakoitzaren sistemako arauen baitako berezitasunak agertzen dira, alderdi gramatikalean, kasu.

Hona hemen proposatzen dugun hizkuntzen curriculum bateratua egiteko kontuan hartu ditugun alderdiak:

1. Hizkuntzen kontzepzio eta ikuspegi psiko-pedagogiko komuna.
2. Oinarrizko marko metodologiko komuna. Marko malgua. Hizkuntzen eta hiztunen ezaugarrien arabera behar diren estrategia didaktikoak bakoitzari egokituz osatzen dena.
3. Eleaniztasunaren ikuspegitik, hizkuntzen lorpen-mailak finkatzen dituen helburuak (orokorrak, didaktikoak, amaierakoak) modu bateratuan definituak.
4. Hizkuntza guztietan komunak diren edukien eta hizkuntza bakoitzak berezko dituenen
definizioa. Eduki komunen artean hauek daude:
* Komunikazio-eremuei dagozkien hizkuntza-erabilerak.
* Ulermen eta ekoizpen-trebezien lanketa.
* Diskurtso eta testu mailako edukiak: trebezia pragmatikoak, estrategikoak, testu-egiturari dagozkionak.
* Eduki metalinguistikoak: hizkuntzaren baliabideen ezagutza eta erabiltzeko gaitasunaren garapena ahalbidetzen duten edukien lanketa interlinguistikoa eta konparatiboa.
* Jarrerak: kultura eta hizkuntza-aniztasunarekin, eta norberaren hizkuntza-ikasketaren prozesuarekin lotutakoak.
5. Eduki komunen plangintza osagarria, hizkuntza guztiak kontuan hartuta edukiak aukeratuz, banatuz, eta sekuentziatuz egina.

Bigarren Hezkuntzan, gaztelaniak eta euskarak maila beretsua dutenez, bien arteko lan osagarria planteatzen da, edukiak banatuz eta hizkuntza batean zein bestean aurkeztuz. Ingelesari dagokionez, hizkuntza horretan ikasitakoaren aplikazio-lana egingo da, neurri handi batean, nahiz eta beste hizkuntzetan ikasitakoaren aplikazioa ere gerta daitekeen.

Gizarte Zientziak

Giza talde guztiek garrantzi izugarria eman diote urteen buruan landu duten kultura eta bizi izan dituzten gertakari nagusiak belaunaldiz belaunaldi transmititzeari. Gaur egun, hein handi batean, eremu akademikoak hartzen du ikaslea gizarteratzeko funtzio hori hainbat jakintza-arloren bidez.

Gizarte Zientzien arloak aparteko garrantzia du ikaslea gizarteratzeko funtzioan. Izan ere, arlo horren bitartez jaso ahal ditu ikasleak horretarako beharrezko dituen hainbat gaitasun eta ezagutza: adibidez, bizi diren gizartearen ezaugarriak zein horien zergatiak, beste gizarte mota batzuekin edukitako erlazioak zein haien eraginak. Gizarte jakin baten barruan gertatzen diren eraldaketa sozio-ekonomikoak eta politikoak aztertzeko oinarrizko ezagutzak eta trebeziak ere jaso ditzake. Bestalde, gertakari eta prozesu horiek guztiak espazio eta egoera jakinetan gertatu direnez edo gertatzen direnez, alderdi fisikoari eta lurraldearen eta gizartearen arteko elkarreraginei buruzko oinarrizko ezagutzak ere bereganatzeko aukera ematen dio arloak.

Irakatsi eta ikasi beharreko ezagutza eta trebezia horien guztien zertarakoa arloaren xedeak markatzen du, hau da, arloaren irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua gidatu behar duen arloaren helburu nagusiak: ikasleak, bizitzea egokitu zaien gizartean erantzukizunez, kontzienteki eta modu kritikoan parte hartzeko gauza diren hiritarrak izan daitezen, Euskal Herriko nahiz munduko beste gizarte nagusien berezko ezaugarriak ezagutzea eta ulertzea, kokapen geografikoari zein alderdi historikoei eta kulturalei dagokienez, eta horretarako beharrezko diren ezagutzak eta trebeziak bereganatzea.

Bistakoa da Gizarte Zientzien arloa pertsonek iraganean egin dituzten nahiz gaur egun egiten dituzten gertakariak eta espazioarekin dauzkagun erlazioak aztertzen dituzten zenbait jakintza-gaik osatzen dutela (Ekonomia, Historia, Soziologia, Geografia, Demografia…). Baina arloaren plangintzarako eta garapenerako ezinbesteko erreferentea arloaren xedea dela kontuan hartuta, gure proiektuan egindako diseinuan, Geografiak eta Historiak puntako lekua betetzen dute.

Geografiari dagokionez, geografia fisikoarekin, ekonomikoarekin, politikoarekin eta giza geografiarekin erlazionatutako alderdiak ulertzeko, interpretatzeko eta adierazteko gaitasunaren garapenean zuzenean eragiten duten azpigaitasunak, edukiak eta trebeziak landuko ditugu. Gauza bera egingo dugu Historiari dagokionez ere. Gizarteen bilakaera historikoa, ekonomikoa, soziala, politikoa zein kulturala zein izan den ikusaraziko diogu ikasleari, Historiaurretik hasi eta gaur egun arteko ibilbidea eginez, eta berez konplexuak diren gizarte-alderdi horiek ulertzeko, interpretatzeko, analizako eta adierazteko baliabideak eskuraraziz.

Bistakoa da jakintza-gai horiek, berez, corpus teoriko propioa dutela, hau da, bakoitzak berezko edukiz eta esanahia ematen dieten interpretazioz osaturiko berezko hizkuntza duela. Horregatik, arlo baten ikaskuntzak berekin dakar, edukiak bereganatzeaz gainera, hari buruzko informazio-iturriak deskodetzea, eta edui horiek adieraztea errazten duten gaitasunak garatzea ere bai. Adibide gisa, Gizarte Zientzietan oinarri bat edukitzea ez da hainbat datu edo gertaera ezagutzea soilik. Beharrezkoa da iturriek ematen duten informazioa analizatzen jakitea ere; edota informazioa bilatzeko, antolatzeko eta besteei komunikatzeko estrategiak edukitzea, etab. Trebezia horiek guztiek ulermenarekin eta informazioa prozesatzearekin, egituratzearekin eta komunikatzearekin erlazionatutako gaitasun kognitibo-linguistikoak garatuta edukitzea eskatzen diote ikasleari. Hortaz, jakintza-gaien arteko planteamendua nagusitu da gure proiektuan, eta ikasleek gizarteari, inguruneari eta antzinako eta gaur egungo adierazpideei buruzko ezagutzak bereganatzea eta adierazteko gaitasunak garatzea bultzatu nahi dugu. Azken batean, horrela bakarrik barneratuko baititu ezagutzak ikasleak.

Baina arloaren xedea lortzeko, ez da nahikoa kontzeptuekin eta prozedurekin erlazionatutako alderdiak lantzea. Derrigorrezkoa da ikaslearen autonomia eta gaitasun kritikoa ere garatzea: adibidez, informazio-iturriak erabiltzeko orduan, bereziki komunikabideetakoa, haietan ematen den informazioa alderatu eta epaitzeko. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, egungo gizartean elkarlanean aritzen jakiteak garrantzi handia duela. Gaitasun horiek guztiek jarreren esparruan murgilduko gaituzte, eremu akademikotik nahiz bizitzako beste edozein eremutatik sortzen diren beharrek zenbait gaitasun bereganatuta edukitzea eskatuko baitiete ikasleei.

Hori guztia garatzeko, edukiak era erakargarri eta malguan azaltzen saiatuko gara, bakoitzaren gaitasunari egokitutako prozedura mailakatuen bidez; besteak beste, testuen bidez, ikaslea hiztegi teknikoa ere jasotzen joan dadin. Ikaslea bera izango da bere ikasketa-prozesuaren protagonista. Argi dago, gaur egun, hori dela ikasketa-prozesu baliagarriena, Gizarte Zientzietan sakontzeaz gain, ikasleak ikasten ikasiz, eguneroko bizitzarako behar-beharrezko prozedurak lortuko baititu horri esker.

Gizarte Zientzietako material honek badu beste berezitasun bat ere. Proposatzen dugun diseinua DBHko arlo guztiak biltzen dituen Ostadar proiektuaren barnean dago. Etapa osorako esparru komuna definituta edukitzeak (oinarri metodologikoak, unitatearen diseinua, helburu didaktikoen formulazioa, jarduera-tipologia, etab.) bestela ezinezkoa litzatekeen koherentzia eta homogeneotasuna ematen dio arlo honen diseinuari.

Azkenik, ezin ahaztu proiektu hau Euskal Herri osorako, bertatik eta bertarako bereziki egiten den materiala dela, ikaskuntza ikaslearen gertuko egoeretatik bideratuz.

Natur Zientziak

DBHko lehen ziklorako (12-14 urte) osatu dugun Natur Zientzia arlorako OSTADAR proiektu kurrikular honek gure Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum ofizialaren orientabideak (Oinarrizko Diseinu Kurrikularra eta Garapen Kurrikularraren Dekretua) garatzen eta zehazten ditu. Proiektuan, ziklo horri dagozkion helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak antolatzen eta egokitzen dira, ikasturte bakoitzeko bost unitate didaktikotan antolatuta. Proiektua gauzatzeko egindako materialari dagokionez, ikasleen jarduera-liburuxkak prestatu ditugu (bost liburuxka ikasturte bakoitzerako), alde batetik, eta, irakaslearentzako gidaliburua , beste alde batetik; gidaliburu horrek hainbat orientabide metodologiko eta ebaluazio-irizpide eskaintzen ditu. Horrez gain, bada material osagarria ere: ebaluaziorako erregistro-koadernoa, ebaluazio-agiria, software a�

Oraingo kulturan eta gizartean �euskal gizartean, bereziki�, jakintza zientifikoaren eta teknikoaren ukaezinezko garrantzia hartzen da abiapuntu; izan ere, jakintza hori behar-beharrezkoa da, etorkizuneko ongizate- eta aurrerapen-mailak ziurtatuko dizkiguten produkzio- eta zerbitzu-arlo lehiakorrei eutsi nahi badiegu. Gure proiektuaren helburua oinarrizko prestakuntza zientifikoa lortzea da, alfabetatze zientifikoa , alegia.

Hezkuntzako ziklo hau derrigorrezkoa denez gero, Natur Zientzietako edukiak guztientzako zientziaren eduki berak izango dira; hau da, lehen mailako irakaskuntzan lortutako ezagutzekin lotuta daude testu-liburu honetako edukiak, eta ingurune naturala sakontasun, objektibotasun eta zehaztasun zientifiko handiagoz aztertzeari ekingo diogu. Beraz, ikasketa hori arlo bakarrean bildurik dago, ez ohiko zientzia-diziplinetan bereizirik; horrek fenomeno naturaletara �oro har harturik� hurbiltzeko helburua sendotzen du, baita diziplina horiek elkarren artean eta gainerako errealitatearekin duten erlazioa azpimarratzen ere.

Arloari buruzko ikuspegi horren ondorioz, Natur Zientzien diziplinarteko tratamendua proposatzen dugu; beraz, errealitate naturalaren hainbat sailetan ikerketarako zenbait kontzeptu eta prozedura-eremu komun dagoela konturatuko da ikaslea, nahiz eta, ziklo honetan, gure azterketa-lanetan, alde kualitatiboari eta esperimentalari eman lehentasuna. Diziplinarteko tratamendu hori sistema-ikuspegitik aztertuta dago, eta horrek erraztu egiten du; horrez gain, oso baliagarria da, bai kontzeptu-edukiak hurrenez hurren lotzeko, bai irakaste- eta ikaste-prozesua ulertu eta bideratzeko.

Ondorengo kontzeptuen mapan, hasierako sintesi gisa, zikloko kontzeptu nagusiak aurkezten dira, zikloari egitura edo oinarria ematen dioten zenbait kontzepturen inguruan loturik; hona hemen kontzeptuok: sistema materialak, materien arteko elkarrekintzak, aldaketak, energia eta oreka . Natur Zientzien helburua, ziklo honetan, sistema materialen aniztasuna eta haien aldaketak deskribatzea da
�haiek sailkatu eta ulertu ahal izateko�, eta haietan erregulartasun bat aurkitzen saiatzea. Bigarren ziklorako utziko dira azpi-azpiko batasunean sakontzea eta aldaketak eta oreka-egoerak nahiz haien kontrola azaltzea. Horrek guztiak materiaren egitura eta bertan gertatzen den elkarrekintza aztertzea eskatzen du, baita zientziaren teoria-sintesi nagusiei ekitea ere, haren ezagutza multzoari batasuna ematen baitio.

eskema

Gure proposamena kontzeptu-edukien inguruan eratu izanak ez du esan nahi gainerako edukiei garrantzirik ematen ez diegunik. Izan ere, kontzeptuekin batera, tratamendu orekatua ematen saiatu gara, eta egoera problematikoei ere eman diogu garrantzia, zientziekiko eta gai zientifikoekiko jakin-mina eta zaletasuna pizteko. Hori errazagoa da, edukiak ikuspegi bateratzaile batetik aztertuta baitaude, unitate didaktiko bakoitzaren helburuetan eta haiek garatzeko jardueretan agertzen den bezala.

Gure proposamenaren azpian dagoen zientziaren ikuskerak ekintza eraikitzaile gisa hartzen du hura, behin eta berriz egindako hurbilketen bidez, eta gero eta zabalago, koherenteago eta zehatzago deskribatzen eta azaltzen ditu fenomeno naturalak. Beti eginbidean edo prozesuan den ekintza bat izateaz gain, giza ekintza eta gizarte-ekintza ere bada; izan ere, giza balioak behar ditu garatzen denean, eta erabilera desegokien ondorioz sor daitezkeen arazoak baztertzea eskatzen du; esaterako, sexismoa, ingurumenaren aurkako erasoak, gehiegizko garapen nahia, kontsumismoa, etab. Zientzia ekintza eraikitzailetzat eta sozialtzat hartzeak zientziaren irakaskuntzako metodologia oinarritzeko aukera emango digu, geroago. Metodologia horretan, alde teknologiko eta sozialek garrantzi handia izango dute; horrez gain, ikasleek beraiek eraikitzen dute zientzia-ezagutza, zientziaren edukietara hurbiltzeko etengabeko prozesu batean, bai aurrez dituzten ideia eta esperimentuetatik, bai informazio berritik.

Bestalde, Natur Zientzia arloko proiektu kurrikular hau beste zabalago baten barruan dago; hain zuzen ere, DBH ko material kurrikularren ostadar proiektuan . Beraz, erreferentziatzat etapa osorako inguru komuna hartzen duenez �bai unitate didaktikoen egiturari dagokionez, bai orientazio didaktikoari eta ebaluazio-orientazioari dagokienez�, gaitasunen irakaste- eta ikaste-prozesuari ematen zaio lehentasuna, bereziki, eta horrek arlo guztietarako balio du. Edukien tratamendu bateratzailea garatzen da, helburu didaktikoen egitura bidez eta haiek gauzatzeko hurrenez hurren ezartzen diren jardueren bidez. Aniztasunari dagokionez, aukerabide errealista eta egingarria proposatzen da, eta diseinu egoki bat aurkezten da, ikasleek materialak errazago erabiltzeko, baita ikasketa kontrolatzeko ere.

Azkenez, azpimarratu behar dugu proiektu hau Euskal Herrian egina dela, eta Euskal Herri osorako, gainera; alegia, ikasketa zientifikoa ikasleengandik hurbil den ingurunetik eta Euskal Herri oso eta anitzaren ikuspegitik hartzen saiatu gara.

Jarraian duzu, beraz, gure proposamena. Alde batetik, DBHko lehen zikloko Natur Zientzietako curriculum ari dagozkion berezitasunak eta ezaugarri orokorrak (2. zehaztapen-mailarako egokituak) daude, eta, beste batetik, bost unitate didaktiko ikasturte bakoitzeko (1. maila eta 2. maila) eta unitate didaktiko bakoitzari dagozkion oharrak eta orientabide didaktikoak (3. zehaztapen-maila).