IKT Proiektua
k(i)likanazazu

Betidanik jakin izan du Jakintza ikastolak gizartean hain azkar ematen diren aldaketetara egokitzen. Teknologia berrien inguruan ere erronka hori izan du ikastolak hasieratik. Horregatik, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora iristen den arte, teknologia berriak aplikatzen ari da buru belarri. Ikastola IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologia) deritzon proiektuan murgilduta dabil bete-betean. Bertako ardura eta koordinazioa eramaten Jokin Lacalle irakaslea ari da.
Baina IKTen hedapena ez da ikasgeletara mugatzen eta haratago joan den proiektu batetaz ari gara une honetan. Horren lekuko honako adibideak:
- Jakintzazu (Blogak sortzeko ikastolako plataforma)
- Planeta Jakintza (Ikastolako web guztien bilgunea)
- IKTeroak (Ikastolako IKT taldearen bloga)
- Jakinsaro (Ikastolako guraso mendizaleen bloga)
- Euskaljakintza (Batxi 2ko Euskara jortratzeko bloga)
- Txanela eta Ordizia (Lehen Hezkzuntzako blogak)
- …
Jokinen esanetan, duela 7 urte Ikastolen Elkarteak ikastoletako eguneroko lanean teknologia berriak txertatzearen beharra ikusi zuen. Horretarako, helburu batzuk zehaztu zituen, eta bost ardatz nagusitan banatu:
- Azpiegiturak.
- Irakasleen formazioa eta prestakuntza.
- Giza baliabideak. Teknologia berriak ikastolan zabaltzeko arduradun izateko bi pertsona izendatzea: dinamizatzaile bat eta teknikari bat.
- Material propioa sortu guztiontzat.
- Ikastola bakoitzaren eginkizunak zein izango diren azaltzeko, dinamizatzailearen figura sortu.
Zein ardatzetan dabil murgilduta ikastola?
Zentzu honetan, esan Jakintzan izugarrizko aurrerakuntza eman dela bost urtetik hona; duela 7 urte 10 bat ordenagailu izatetik, gaur egun ia 200 izatera pasa da. Azpiegiturei dagokionez, izugarrizko aurrerakada eman dugu. Une honetan hiru zerbitzari dauzkagu lanean ikastolan: bat intraneterako, bigarrena ikastolako dokumentazioaren kudeaketarako eta hirugarrena multimedia ekoizpenen kudeaketarako. Ikastolako bi egoitzak kable bidezko eta kablerik gabeko sarea jartzea lortu dugu; modu honetan, ordenagailuaren bidez, beste irakasleek bidalitako informazioa zein etapa eta gela ezberdinetan sortutakoa eskuratu daiteke aulkitik altxatu gabe.
Formazioari dagokionez, esan irakasle guztiek ikastaro desberdinak burutu dituztela. Azpimarragarriak, azken urteotan eginiko Goi-mailako formazio ikastaroak, non Internet, argazkigintza digitala, edukien sindikazioa, webquestak, metodologia berriak… bezalako gaiak jorratu dituzten.
Bestalde, dinamizatzailearen figura jada errealitatea da ikastolan. Jokin Lacalle irakasleak bere lanaldiaren erdia lan honetara zuzentzen baitu.
Materialari dagokionez, material propioa ekoiztea dugu helburu oraindik lehenengo urratsak ematen ari garen arren, baina kanpora begira, alegia gurasoei begira, eta ikasleek burututa, teknologia berrietan oinarritu den materiala zabaltzen ari gara. Dinamizatzaileaz gain, etapa bakoitzean irakasle batzuen laguntza lortu da eta IKT izeneko taldea osatu da teknologia berriak are gehiago bultzatzeko. Era berean, aurrez finkatutako helburu batzuk bete diren bezala, beste batzuk bidean daude. Horrela, agian hurrengo urtetan, Foru Aldundiaren laguntzaz, Jakintza Ikastola talde piloto moduan arituko da. Honek aukera paregabea eskainiko digu hasieran aipaturiko ardatz nagusien inguruan indar berezia egiteko eta geure helburuak betetzen joateko.
Eta nola aplikatzen dira teknologia berriak etapa ezberdinetan?
Haur Hezkuntza
Jakintzako ikasleak hiru urtera heltzean, ordenagailuaren aurrean hasten dira euren lehen urratsak ematen. Irakaslea, ohiko lanketari jarraituz, matematika, hizkuntza, plastika…bezalako ikasgaiak lantzen hasten da. Baina ikasleek, klasean azaldutakoaren osagarri modura, landutako guztia ordenagailuaren pantailan ikusi eta entzungo dute. Bertan, marrazkiak, puzzleak, ipuinak,… lantzen dituzte haurrak, baina modu interaktiboan, partehartzaile zuzenak bilakatuz.
Irakasleak oso gustura ari dira. Beraien esanetan, “haurrak asko motibatzen dira modu honetan lan eginez, programak oso hizkuntza aberatsa erabiltzen du, eta haurrak bertan azaltzen diren pertsonaiekin arduratsu aritzen dira jolasean, irudi eta soinu erakargarriez josita baitago”.
Ikasleen harrera ere ikaragarri ona izan da. Orokorrean oso gustura ibiltzen dira eta jakinmin handia erakusten dute. Bestalde, haurrak hain umetatik ordenagailuaren aurrean jartzeak zera dakar: ordenagailua ezagutzea, berarekin ohitzea, ordenagailuarekiko beldurra galtzea, eta, batez ere, ikasleen konpetentziak (IKT konpetentziak barne, noski) jorratzea.
Gainera, 14 ordenagailuz, internetez, proiektoreaz eta ikusentzunezko beste baliabidez hornitutako gela berri bat zabaldu genuenetik, erabilera asko zabaldu da. Urtxintxa Proiektuak proposaturiko jarduerak era egokiagoan burutzeaz gain, IKTei loturiko beste helburuak lortzen erraztasun handiagoa ematen digu.
Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntzan, aldiz, Txanela proiektua dago martxan eta 2008-2009 ikasturtea berrikuntzaz beterik datorkie Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleei.
Hasteko, gure ikastolak, beste 16 ikastolekin batera eta EHUren gidaritzapean, Ikasys izeneko proiektu pilotuan parte hartzen du. Proiektu honen ezaugarriak zehaztasunez bere web orrian ikus ditzakezu, baina guk hona bere hiru zeregin nagusiak ekarri nahi izan ditugu:
Trebatzeko
Ikaskuntzaren hainbat prozeduratan trebatzeari zuzentzen zaizkion jarduera sistematiko eta progresiboen bilduma da. Besteak beste, kalkulua, ortografia, problemen ebazpena, fisikaren algoritmoak, kimikaren formulazioa…
Memorizatzeko
Ikaskuntzaren hainbat eduki memorizatzea lagundu dezakeen jarduera sistematikoen bilduma da. Besteak beste, datu eta gertaera historikoak, geografia-toponimia, literatur obrak eta autoreak, hizkuntza-lexikoa, formulazioa…
Nork berea egiteko
Ikaskuntzaren maila eta erritmoa ikasleak berak, era autonomoan eta indibidualean, dituen ahalmenen baitan, bere buruari ezartzeko eta jarduerak egiteko eskaintzen duen prozesua da.
Bestalde, eta gune honetan adierazi genizuen bezala, aurten atera berri ditugun IKT konpetentziak jorratzen eta garatzen hasiak gara. Egundoko aldaketa suposatuko duen gaia izanik, irakasle guztiek formazioa jaso dute eta , jadanik, hortxe ditugu buru-belarri Txanela Proiektuaren jarduerak IKT baliabideak erabiliz burutzen ohiko gelan nahiz informatikako geletan.
Horrek guztiak, ikastolan lehendik genuen azpiegituran aldaketa sakonak ekarri ditu. Etapa honetan bi arbel digital interaktibo jarri dira 4. eta 6. mailan. Arbel horiekin doazen proiektore finkoei lanpara digital bana ere gehitu dizkiegu. Eta hori gutxi balitz, 26na ordenagailu ultraeramangarriak dituzten bi gela mugikor ere prestatu ditugu. Ordenagailu hauek guztiek Euskarazko Ubuntu sistema eragile askea darabilte eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan beste era bateko ikuspegia zabaltzera datoz.
Aukera hauek guztiak ez ditugu ipini ohiko metodologiarekin jarraitzeko, aitzitik, ikasleen autonomia bultzatu, elkarlana sustatu, eragile aktiboa bihurtu, erantzukizuna indartu, ikasten ikasteko ahalmena garatu, ezagutza kolektiboaren garrantziaz jabetu… izango dira gure jardunaren ardatz.
DBH
Etapa honetan ere, ohiko metodologiarekin hautsi eta lan egiteko bide berrietan trebatzea dugu helburu. Horretarako, IKT konpetentzien zehaztapen maila altua lortu dugu eta Lehen Hezkuntzakoekin gertatu zen bezala, ikastolako irakasle bat ari da Ikastolen Elkartean lanean konpetentzia horien hirugarren zehaztapen maila definitzen arlo ezberdinetan.
Dagoeneko, asko dira, IKT baliabideak erabiliz, abian dauden proiektu kolaboratzaileak, ezagutza sortu eta partekatzeko proiektuak, metodologia aktiboak sustatzen dituzten proiketuak… eta aurki fruituak ikusi ahal izango ditugu.
Batxilergoa
Batxilergoan e-Gela martxan dago aurtengoan ere. Baina arlo guztietan IKT baliabideen erabilera hain da zabala, non gela guztiak hornitu behar izan ditugu ordenagailuz, proiektorez, pantaila digitalez, tablet PCak… Beharbada, Euskara eta Fisikako proiektuak ezagunenak izan daitezke, baina beste arloetan izugarrizko lana burutzen ari dira eta oso lan interesgarriak burutzen ari dira wiki, blogak, sare sozialak eta era guztietako baliabideak erabiliz.











[...] taldeen lana beharrezkoa da, baina, baita hezkuntzara jotzea ere». Horren lekuko dira Ordiziako Jakintza ikastolakoak. Software Libredun ordenagailuak erabiliz klasean eusakraz lan egiten baitute, egunean [...]