Ikasys

| es | fr | ca | gl | pt | en | zh | +

2008-2009 ikasturtean zehar, 17 ikastola aritu ginen pilotu gisa proiektu honen garapenean. Ikasturtearen amaieran, 17 ikastola horietan, EHU-UPVko arduradunek ebaluazio bat burutu zuten. Ebaluazio horren emaitzak oraindik argitaratu ez badira ere, aurkezpen bat dugu emaitza guztien laburpen batekin.

Aurkezpena jaitsi (PDF 1,5 MB) edo aurkezpena ikusi

Gure ikastolan bideo batzuk grabatu eta argazki ugari atera genituen Ikasys-en inguruan eta hemen jartzen dizkizuegu. Jarraian, Ikasys gunean agertzen den informazio garrantzitsuena zuentzat bildu eta hemen jarri dizuegu.

BIDEOAK

ARGAZKI BILDUMAK

Ikasys Proiektua

Ikastolen Elkarteak bere aitzindaritza eta esperientzia frogatuak ditu hezkuntza eremuko I+G+B egitasmoak eta proiektuak burutzean, euskal eskolaren gestioan, oro har. Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) alorrean 15 urte baino gehiagoko eskarmentua metatua du eta euskarazko eta euskal kulturan ardaztutako software kurrikularra eta aisialdikoa ekoiztean aitzindaria izan da. Honela, eskola-gestioari zuzendutako aplikazio informatiko propioak sortu, esperimentatu, burutu eta berritzera iritsi da eta eskola erkidegoaren baitako komunikazioa errazteko aplikazioak sortzen eta eguneratzen ere jarraitzen du.

Ikastolen IKT planak bi helburu orokor definituak ditu. Lehenengoa, derrigorrezko irakaskuntza amaitzerakoan, ikasleek, garatu beharreko gaitasunen artean oinarrizko IKT konpetentziak barneratuak izatea eta IKTen erabilpenaren bitartez, beste arlo edo ikasgaien aprendizaia hobetzea lortzea. Bigarrena, IKTak txertatuz, ikastolen antolaketa eta kudeaketa eredu egokiak arakatu eta proposatzea.

Lehenengo helburuarekin lotuta eta ekoizpenarekiko ardura edozein IKT planaren zutabe nagusia izanik, Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen bitartez, irakaskuntza-hezkuntza prozesuan lagunduko duten eta Ikasmaterialgintza Proiektuarekin bat datozen baliabide kurrikularrak sortzen ari dira. Marko honetan koka dezakegu Ikasys Proiektua.

Abiapuntua

Ikasle bakoitzak du bere estiloa eta erritmoa ikasteko orduan, eta bakoitzaren berezitasun horri nola erantzun behar zaion asmatzea da hezkuntzaren arazo nagusietako bat.

Eskolako zenbait eduki ariketetan trebatuz eta memorizatuz barneratzekoak dira, eta arlo horietan sortzen da zalantza gehien, hor ikusten baita alde gehien ikasletik ikaslera. Bakoitzaren berezitasun horri irtenbide egokia emateko, ikasleek ariketa batzuei erantzun behar izaten diete edo memoria ariketak egin behar izaten dituzte.

Honen aurrean, gaur egun arazo honi honela erantzuten zaio, memorizatzeko diren ariketak inolako euskarririk gabe egiten dira eta ariketa bidez landu daitezkeen eduki batzuei soilik ematen zaie konponbidea bide desberdinetatik:

  • Ikasliburua erabiliz erantzuten zaio (baina ikasliburuek ariketa berak dituzte ikasle guztientzat), eta, batzuetan, sakontze edo errefortzu jarduerak ere egiten dira.
  • Jarduera liburuak edo koadernoak erabiliz.
  • Fitxen fotokopiak erabiliz, edo irakasleek beraiek prestatutako diktaketa ariketen bidez.

Honek guztiak irakasleak ikasle bakoitzaren bilakaeraren jarraipen sistematikoa era egokian burutzea izugarri zailtzen du. Testuinguru honetan, baliabide hauek ikasle eta irakasleengana modu pertsonalizatuan iritsi ahal izateko hutsunea bete nahian sortu da Ikasys Proiektua.

Zer da Ikasys?

Tipologia zabaleko aktibitate didaktikoen bidez ikasleak oinarrizko konpetentziak lortzeko behar dituen baliabideak garatzeko balio duen hezkuntza ikerketa alorreko sistema berriztatzailea da. Ikasys Proiektua, norberak ordenagailu bidez ikasteko sistema da eta tresna informatikoak (hardware), aplikazio informatikoak (software) eta , estrategia kurrikularrak (edukiak) uztartzen dituen multzoa da. Hiru zeregin ditu:

Trebatzeko

Ikaskuntzaren hainbat prozeduratan trebatzeari zuzentzen zaizkion jarduera sistematiko eta progresiboen bilduma da. Besteak beste, kalkulua, ortografia, problemen ebazpena, fisikaren algoritmoak, kimikaren formulazioa,…

Memorizatzeko

Ikaskuntzaren hainbat eduki memorizatzea lagundu dezakeen jarduera sistematikoen bilduma da. Besteak beste, datu eta gertaera historikoak, geografia-toponimia, literatur obrak eta autoreak, hizkuntza-lexikoa, formulazioa, …

Nork berea egiteko

Ikaskuntzaren maila eta erritmoa ikasleak berak, era autonomoan eta indibidualean, dituen ahalmenen baitan, bere buruari ezartzeko eta jarduerak egiteko eskaintzen duen prozesua da.

Zein helburu du?

Egoera sinpleetatik abiatuz (aprendizaia puntualak), ikasgelan eta eguneroko bizitzan sortzen zaizkion egoera-problemak ulertzeko eta egoera hauei aurre egiteko, ikasleari bere beharrei egokitutako tresna sendoak ematea da proiektuaren helburu nagusia. Ikasys Proiektuko jardueren bidez ikasleak konpetentzia desberdinak lortzen lagunduko dien eta helburu espezifiko moduan definitutako aprendizaia puntualetan trebatuko dira. Beraz, jarduera hauen bidez konpetentzien garapenera bideratutako hezkuntza aprendizaia puntualen sistematizazioa lortu nahi da.

Zein dira IKASYS sistemaren osagaiak?

Hardware aldetik: eskola beharrei erantzungo dien eta erabiltzeko erraza eta merkea den IKASBOOK tresna informatiko mugikorra. Tresna hau gela arruntean integratuko da eta ikasle bakoitza bere ordenagailuarekin arituko da.

Software aldetik: atal honek hiru web aplikazio biltzen ditu, jarduerak sortzeko eta antolatzeko aplikazioa, tresna informatiko mugikorrean jarduerak exekutatzeko aplikazioa eta irakasleek ikasleek egindako lanen garapenaren jarraipena egiteko aplikazioa.

Eduki kurrikular aldetik: arloka eta zailtasunaren arabera mailakatutako jarduera sorta biltzen du. 6-12 adin bitartean arlo bakoitzeko 45.000 ariketa sortu dira, guztira, 225.000 ariketa bost arlotan banatuta (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Ingurunea).

Zein prozedura erabiltzen du?

Kontratu didaktikoa: ikaslearen gaitasuna eta ahalmena kontuan izanik kontratu didaktikoa egingo da, bertan, irakasleak ikaslearekin batera adostuko du zer lan egin behar duen (zenbat ariketa, gainditu beharreko zailtasun maila, denboralizazioa,…).

Aniztasunari erreparatzea: ikasle bakoitzak bere mailaren arabera landuko ditu aurrez hitzartutako ariketak. Bitartean, irakasleak lana gainbegiratuko du eta behar duen laguntza emango dio.

Dibertsifikatzea: aurrekoarekin batera, behar bereziak dituzten ikasleen jarraipenean edota etorkinen hainbat beharretan ere lagundu dezake proiektuak.

Ebaluazioa: ikasleak ariketak egin ahala, aplikazioak zuzendu egingo ditu; aldi bereko zuzenketa da. Lana bukatutakoan, ikasleak, irakaslearekin batera, jardueraren balorazioa egingo du, zer zailtasun izan duen, eta egiten duten balorazioaren arabera, bien artean erabakiko dute zein neurri hartu behar dituzten eta zein lan konpromiso ezarriko duten hurrengorako.

Sintesia. Proiektuaren funtzionamendua

  • Ikasgela arruntean jarduteko sortu da.
  • Ikasle bakoitza bere ordenagailuarekin arituko da; ordenagailua tamaina txikikoa eta prezio merkekoa da.
  • Oraingoz, Lehen Hezkuntzara zuzenduta dago, hau da, 6-12 adin bitartera. Denbora gutxi barru 12-16 adin bitartera ere zabalduko da.
  • Sortutako 200.000 jarduera espezifiko landu ahal izango dira Lehen Hezkuntzako bost arlotan (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Ingurunea).
  • Jarduera hauek ordenatuak eta sekuentziatuak egongo dira.
  • Ikasle bakoitzari dagozkion jarduerak eskainiko zaizkio.
  • Jarduera hauen bidez konpetentzien garapenera bideratutako aprendizaia puntualen sistematizazioa lortu nahi da.
  • Ikasleen auto-erregulazioa eramatea ahalbideratuko du.
  • Irakasleak ikaslearen eta gelaren aprendizaiaren jarraipen zuzena egin ahal izango du.

Iruzkin bat to “Ikasys”

  1. [...] HarpidetuE-postaz harpidetu Jakintza IkastolaNor garaNon gaudeHistoriaIrakasleriaProiektuakIkasys ProiektuaIKT ProiektuaHizkuntz ProiektuaEuskaraz Bizi proiektuaEleaniztasun proiektuaKalitateaBizikidetza [...]