Hizkuntz Proiektua
ninaizyosoyi’mjesui…
Hizkuntzen arteko orekak eta desorekak

Duela 5 urte jarri zen martxan Jakintzan, HIZKUNTZA PROIEKTUA. Hizkuntza ezberdinak kudeatzeko helburuarekin Jakintza ikastolako irakasle talde bat hasi zen lanean, Ikastolen Elkartea-Partaideko beste 10 ikastolekin batera, aitzindariak izan dira lanketa honetan. Lehenengo pausua, DIAGNOSIA egitea izan zen. Diagnosiaren bitartez behar batzuk sumatu zituzten. Aurtengo ikasturtea izan da behar horiek asetzen hasteko garaia: HIZKUNTZA PROIEKTUA aplikatzen hasteko garaia alegia.
JAKINTZAk eleaniztasunaren alde apustua aspaldi egina du. Baina argi du beste hizkuntzak ikasteko, abiapuntua EUSKARA izan beha duela. Euskara izan behar du beste hizkuntzak ikasteko oinarria eta baita eremu guztietan erabiltzeko lehen komunikazio tresna ere. Gauza gehiago jakin nahian, hainbat galdera egin ditugu eta honela erantzun ditu Jakintzako irakasle taldeak.
Zein edo zeintzuk dira Hizkuntza Proiektuaren helburu nagusiak?
Alde batetik, hizkuntzak ikastea eta bestetik euskararen erabilera eremu guztietara eramatea. Era berean, proiektuaren beste helburuetako bat, hizkuntza guztiekin ildo metodologiko berdina erabiltzea da, hau da, hizkuntza batekin ikasten dena beste hizkuntzentzat baliagarria izatea. Hizkuntzak osagarri izan behar dira bata bestearekiko, ez oztopo.
Zein paper betetzen du euskarak Hizkuntz Proiektuan?
Gure ustez, euskarari beste hizkuntzei baino indar gehiago eman behar zaio. Hizkuntzak ikasteko garaian, erreferente nagusia EUSKERA izan behar du. Ez dira beste hizkuntzak alde batetara utzi behar, baina euskara beti abiapuntu eta oinarri izan behar da beste hizkuntzak ikastera iristeko. Dudarik gabe, euskara izan behar du arlo guztietan lehen komunikazio tresna eta ikastola egoera hori errealitate bihurtu dadin, ahalegin berezia egiten ari da eta egiten jarraitu behar du. Izan ere ikastolak nortasun bat duela argi dugu: EUSKARA
Nola lortu daiteke euskara lehen komunikazio tresna izatea?
Aipatu bezala aurtengoan ahalegin berezia egiten ari gara euskara leku guztietan eta egoera ezberdinetan erabiltzeko. Eta badakigu egoera askotan euskarazko hitzak edota esaldiak falta zaizkigula esan nahi dugun guztia gure hizkuntzan egiteko. Horregatik euskaraz mintzatzeko erak egon badaudela buruan sartu, erakutsi, guztiok ikasi eta noski garrantzitsuena, eremu guztietan erabiltzea da gure erronka nagusia. Euskara erabili, bai ikastolan, etxean, tabernan, mezuak bidali behar direnean, ikastaro ezberdinetan … Hauxe izan da sumatu dugun beharretako bat eta ikastola aurtengo ikasturtean ahalegin berezia egiten ari da hutsune hau betetzeko.
Behar gehiago sumatu al dituzue Hizkuntz Proiektua aurrera doan heinean?
Ahozkoak duen garrantziaz ere ohartu gara, izan ere, orain arte idatzizkoari eman diogu garrantzi gehien. Baina ongi hitz egitea ongi idaztea bezain garrantzitsua dela konturatu gara. Horregatik, orain ikastolan bertan, klaseetan esate baterako, aldaketa metodologiko baten aldeko apustua egin dugu ongi hitz egiten erakusteko. Argi dago hizkuntzetan zuzentasuna beharrezkoa dela, eta horretan esfortzu berezia egin behar dela konturatu gara. Azken finean ahozkotasunaren trebezia da lortu nahi duguna.
Gurasoek zer esana eta zer egina izango dute proiektuaren inguruan?

Garai hauetan badakigu gurasoentzat garrantzitsua dela beraien seme alabek hizkuntza anitz ezagutzea. Horregatik, ikastolan aitzindariak izan gara beste hizkuntzen ikasketa goiztiarra geure curriculumean txertatzen. Badakigu, momentuan, ingelera bezalako hizkuntza batek duen garrantziaz, baina beti ere, euskara alde batera utzi gabe, garrantzitsua da euskara ondo ikasi eta erabiltzen jakitea . Izan ere, bizi ditugun harreman politiko, ekonomiko eta kulturalak eskatzen digu heziketa mundura irekitzea. Mundura irekitze hori, ordea, ezin da era egokian egin, geure geurea den euskaran oinarritzen ez bagara, euskal kulturaren ardatza den euskara hizkuntza normalizatzetik abiatu gabe. Heziketa, ordea, eduki batzuk ikastea baino askoz ere gehiago da. Horrela, adibidez, baloreen lanketan ( euskararekikoak ere hor txertatzen dira) elkarlana ezinbestekoa da. Alegia, zenbat eta elkartuago aritu ikastola eta familia, Jakintzako Hezkuntza eta Hizkuntza proiektuko helburuak errazago lortuko ditugu.
Elkarlan honek nola eragingo dio euskararen normalizazioari?
Denok jakin behar dugu, guztiz frogaturik baitago, familia dela euskara ikasteko eskolarik naturalena, unibertsalena, merkeena eta eraginkorrena. Modu berean, ziur esan daiteke familia dela euskararekiko lotura afektiboa, euskal identitatea eta erabilera ohiturak finkatzeko gunerik aproposena. Beraz, hau horrela izanik, ikastolan egiten denaren parean familiaren egitekoak ere ugari dira.
Bestalde, zer dute komunean Jakintzan urteak daramatzan Euskaraz Bizi ekimenak eta Hizkuntza Proiektuak?
Euskaraz bizi proiektua Hizkuntza Proiektuaren barruan kokatzen dugu. Hau da, Hizkuntza Proiektuaren atal garrantzitsua da. Euskaraz biziren helburua konkretuki, euskara ongi ikastea eta euskaraz bizitzeko nahia, desioa eta ohitura sendotzea da, horrek baitakar aurrerakuntza euskararen normalizazioan.
Euskara ongi ikasteaz hitz egin duzue, zeri erreparatu behar zaio hori horrela eman dadin?
Alde askotatik eragin behar da. Baina ikastolari dagokionez bi eremu hauek aipa daitezke: D ereduan eskolatzea da ezinbesteko lehen pausoa, beste ereduek ez baitute oinarrizko trebeziarik eskaintzen. Aukera paregabea da era errazean euskara ikasteko.
Bestalde, Jakintza ikastolan, D eredua eskola-orduetan bere osotasunean aplikatzeaz gain, familiatik euskararik jaso ez duen ikasleriak batez ere eskola orduz kanpoko eremuak eta zerbitzuak ere euskaraz jaso ditzan ahalegin bereziak egiten ditugu. Eskola-orduak gutxi dira ikasleen esna-orduekin alderatuta; bestalde, eskola-orduetan ikasten den euskara formala da, ikasketetan erabili ohi dena; aldiz, jolas denboran, jangelan eta aisialdia ekintzetan ( kirolak, abesbatza, baleta, antzerkia, irratia, txalaparta…) erabiltzen den euskara lagunartekoa da, kalean erabiltzen dena hots, gatz eta piperra duen euskara. Bi aldeek osatzen duten HIZTUN OSOAREN txanpona.. Hor datza eremu ez formaletan Jakintzak egiten dugun ahaleginaren arrazoia.
Beraz, euskara ikastea bakarrik ez da nahikoa?
Euskara ongi jakiteak ez du besterik gabe euskararen erabilera ziurtatzen. Ezagutza ona izatea beharrezko zerbait da, baina horrezaz gain eguneroko harremanetan euskara erabiltzeko beste BULTZADA bat behar da. Hori dela eta, ikaslea euskal giroan murgiltzea, euskararen aldeko jarrera ikasleengan piztea eta eguneroko harremanetan euskara erabil dezaten motibatzea, Jakintzaren Hezkuntza eta Hizkuntza Proiektuan daude.
Bukatzeko, hurrengo ikasturterako, euskararen egoera normalizatzearen alde , familien esku hartzea areagotu nahi duzue, zer egiteko asmoa duzue?

Datorren ikasturtean atal honetan eragin nahi dugu bereziki, horretarako prestatutako material berezi batzuen laguntzaz. Hala ere, hona aurrerapen modura, garrantzitsuenak:
Guraso euskaldunentzat gomendioak: lehen-lehenik esan bikote hizkuntza eta familia hizkuntza euskara izatea dela garrantzitsuena. Horrela, seme-alaben bizitzan, euskara irakasteaz gain, euskararekiko lotura ere barneratzen joango baita. Honi gaineratzen bazaio euskararekiko maitasuna eta ikastolan egiten den lana, euskara naturalki erabiltzen duen eta mundura irekitzeko beste hizkuntzen oinarriak jaso dituen ikaslea eleaniztuna izango dugu.
Gurasoetatik batek soilik badaki euskara: gomendio nagusia da euskaraz dakienak seme-alabei euskaraz egitea eta euskararen aldeko jarrera bultzatzea.. Izan ere, gerorako garrantzi handikoa izango da jatorrizko hizkuntza euskara ere izatea. Hori dela eta, familiatik jasotako ekarpen horiei esker, euskararen erabileran eta kalitatean aurrera egiteko egoera hobean izango dira.
Euskaraz ez dakiten gurasoei: abiapuntu beretik zoriondu euren seme-alabak ikastolara bideratzeagatik, euskara ikasteko eta eguneroko bizitza euskaraz egiten ikasteko ikastetxe egokira zuzendu baitira. Jarraian esan, ordea, eurek ere badituztela egitekoak, nahiz eta euskararik ez jakin. Hizkuntzak erabileraren erabileraz ikasten direnez, ikastolan igarotzen duen denbora murritza dela jakinda, beharrezkoa da euskara dakiten lagunengana hurbiltzea, kirolak edo kultura ekintzak euskaraz egitea, udan euskarazko udalekuetan izen ematea, euskal komunikabideei garantiza ematea…
AIPUAK
Ez dira beste hizkuntzak alde batetara utzi behar, baina euskara beti abiapuntu eta oinarri izan behar da beste hizkuntzak ikastera iristeko.
Baina ongi hitz egitea ongi idaztea bezain garrantzitsua dela konturatu gara.
Garai hauetan badakigu gurasoentzat garrantzitsua dela beraien seme alabek hizkuntza anitz ezagutzea.
Eragin eremuak
Eremu instituzionala
- Esparru honetan hartzen ditugun erabakiak funtsezkoak izango dira testuinguru ahalik eta euskaldunena ziurtatzeko eta ikasleen euskara erabiltzeko aukerak zabaltzeko.
- Hizkuntz paisaia zaintzeko hizkuntz irizpideak ezarri eta hauen jarraipena ziurtatu.
- Hezkuntza komunitatearen harreman sareetan euskararen erabilera eragozten duten etenak identifikatzeko eta gainditzeko estrategiak zehaztu.

Eremu Pedagogiko Kurrikularra
- Hizkuntza arloan egiten den lana oso mugatuta gelditzen da, eta hainbat kasutan lan horrek ez du eraginik izango berezko erabilera egoeretan ez bada ikasitakoa aplikatzen eta sendotzen.
- Ikastetxean langai ditugun hizkuntza guztien artean ahozko hizkuntzaren inguruko helburu eta edukien sekuentzializazio garbia eta koordinatua garatzea, ikuspegi metodologiko bera partekatzea eta elkarreragina bideratzeko estrategiak partekatzea giltzarri dira ahozkotasunaren garapenean.

Eremu pedagogiko ez-kurrikularra
- Euskararen normalizazioan pausoak eman ahal izateko, ezinbestekoa da, arlo akademikoaz gain eta harekin lotuta, ikaslearen beste bizitza esparruetan ere eragitea, haietan ohiko komunikazio hizkuntza euskara izan dadin bitartekoak jarriz..
Dokumentazioa
Esku hartze eremu garatua (PDF 25 Kb)
Ikastolen Hizkuntz Proiektua (PDF 303 KB)
Ikastolen hizkuntz proiektua helburuak (egokitua) (PDF 17 Kb)










