Bizikidetza proiektua
erantzukizunakbanatuz
Urte dezente dira elkarbizitza, gatazken konponketa eta horrelako gaiak Jakintza ikastolan lantzen hasi ginela. Gai hauek lantzeko, Gernika Gogoratuz erakundearekin harremanetan jarri ginen duela urte batzuk eta bertako kide den Mireia Uranga etorri zen gure ikastolara eta bertako guraso, ikasle helduak eta irakasleekin hainbat jarduera burutu zituen.
Geroago, GEUZ taldearekin hainbat formazio saio burutu zituzten gure irakasleek, batez ere, Lehen Hezkuntzako azken zikloa eta DBHko irakasleek.
2007-08 ikasturtean hasi eta hiru urteko epean, Eusko Jaurlaritzak, ikastetxe guztiek bete beharreko zeregin bezala aipatzen du Bizikidetza Proiektuarena.
Lehenengo aldiz derrigorrezkoa da Bizikidetza Plan izatea ikastetxe guztietan eta Eskola Kontseiluaren zeregin bat bezala aipatzen da “Bizikidetza-, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna- eta gatazken ebazpen baketsuaren aldeko neurriak eta ekimenak proposatzea “.
Euskal Hezkuntza-Sistemak bizikidetzarako eta hiritartasun demokratikorako, aktiborako zein errespontsablerako hezkuntza sustatzen du. Hezkuntza hau justizia, tolerantzia, errespetua, solidaritatea… bezalako balioetan oinarrituta dago. Ikasleengan gatazkak eta arazoak ebazteko konpetentziak garatzen duen hezkuntza da. Hezkuntza honek garatuko ditu ikasleengan erantzukizunez beraien bizitzaren kudeaketa onartu, norberarekin zein besteekin harreman positiboak eratu, erabakiak hartu, zentzu kritikoarekin jokatu eta ingurua sormenez transformatzeko ekintzak hasteko behar dituzten konpetentziak.

Jakintza ikastolaren kasuan, urrats asko emanak ditugu eta aurreko ikasturteetan egindako lana aztertu ondoren, poliki poliki abiatuko gara geure Bizikidetza Proiektua zehaztera. Bizikidetza proiektua aurrera eramateko lau fase ezberdin aurreikusten dira:
- Sentsibilizazioa
- Diagnostikoa
- Planifikazioa
- Jarraipen eta ebaluazio fasea
Bizikidetza plana elaboratzeko derrigorrezkoa da Jakintzako komunitatearen hiru parteak bertan izatea. Alegia, guraso, ikasle eta irakasleriaren partaidetza.
Astearte arratsaldetan, 16:30etatik-18:00etara, izango dira Bizikidetza Proiektua elaboratzeko egingo diren bilerak.










