Jakintza Ikastola
Zalantzarik gabe, teknologia berrien hedapenean eta aplikazioan urrats asko eta esanguratsuak eman dira azken urte hauetan gure ikastolan. Ikastolen Elkartea Partaideko beste ikastola batzuekin batera web orri eta intranet garatzeari ekin genion orain dela urte dezente, baina, aurrera egiteko dugun zaletasunak eraginda, hura alboan utzi eta diseinu modernoagoa duen gune hau zabaltzea erabaki dugu. Baina gure asmoa ez da estetikara mugatzen, izan ere, tresna berri honekin web orri irisgarriagoa, dinamikoagoa eta gure errealitatea islatzeko ahalmen handiagoa duen tresna jarri nahi izan dugu zuen eskura. Oraintxe sortu berri den web orrialde honi buruz gauza bat esan nahi dugu behintzat, Jakintza ikastolaren web orrialdea ez dela, horretan adituak diren enpresak egindako horietakoa. Gure orrialdea etxean egina eta etxekoek egindakoa da, hori bai, mila ahalegin eta mila ilusio daude bere atzean.
Herri ekimenetik sortuak dira ikastolak eta herriaren eta herritarren beharretara eta zerbitzura daude geroztik ikastolak. Inongo harrotasunik gabe, baina badu bere garrantzia, ikastolen eguneroko lanketa, proiektu, ekina ,azken batean, ikastolen eguneroko bizitza adierazi eta islatzeak, bai inguru hurbilean, bai mundu zabalean. Hori alde batetik, eta bestetik berriz, aspaldi ohartu ginen, Jakintza ikastolako kide ezberdinen arteko komunikazioak duen garrantzia eta aberastasunaz. Lehendik ere hainbat tresna eta baliabide erabiltzen dira horretan, urtean zehar egiten diren batzarrak, bilera mordoa, Jakintzazu, DVD-a etab. Baina web orrialdeak baditu bere abantaila handiak eta geroz eta gehiago erabiltzen du gizarteak.
Hori dela eta, esan beharrik ez dago, web orrialde bizi bizia, dinamikoa, ikastolako kide ezberdinen arteko partaidetza sustatzeko baliagarri izango dena, izan behar duela gureak. Horrela izan dadin, guztion ekarpenak jasotzeko prestatu dugu tresna hau. Ea bada horrela den!
Nolanahi ere, zer edo zer faltan botatzen baduzu, hobekuntzaren bat proposatzeko asmoa baduzu, edo beste edozein gauza guri adierazi nahi badiguzu, erabil ezazu gure harremanetarako eremua edo gure ikastolak dituen beste baliabideak erabil ditzakezu:
e-posta: ordizia@ikastola.net
Telefonoa: 943 16 05 40
Faxa: 943 16 07 90










