
Nafarroako zein Iparraldeko ikastolen egoera larriaz behin baino gehiagotan mintzatu garen arren, egoerak ez du hobera egiten eta hainbat kasutan, alarma guztiak piztu dira.
Gaur, Ikastolen Elkartearen bitartez, Lodosako ikastolaren berri izan dugu eta egoeraren larritasunaz jabetuta, mezua bere osotasunean argitaratzea erabaki dugu, ahalik eta zabalkuntzarik handiena emateko eta elkartasun bideak zabaltzeko.
Ikastolako lagunak, agur t’erdi:
Urte berriaren hasiera honetan oraindik, atseginez natorkizue etorkizun oparoa izan dezazuela eskaintzera, Ikastolen Elkartearen izenean, nahiz eta gutun honen funtsean dagoen mamia ez izan berez pozgarria.
Nafarroa Garaiko ikastolak ditugu gogoan, lurraldearen hegoaldean daudenak zehazki. Egoera erabat larrian daude, finantzazio baliabideei dagokionean. Argi eta garbi esateko, ateak ixteko zorian aurkitzen dira. Lodosako ikastola da aipatzen dugunaren adierazgarri.
Aurrekoetan ere eman izan dugu egoera honen berri. Orain ezin da gehiago itxaron. Hitzetatik ekintzetara igaro beharra dago. Ikastola hauek dirua behar dute oraintxe bertan, gehiago itxaron gabe, atzerapenik gabe.
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordean ebatzi dugu Elkartasun Ekimen bat abian jartzea. Nafarroako Ikastolen Elkarteak ere bat egiten du ekimen honekin eta denok batera azalduko gara. Helburua litzateke egoeraren berri zabaltzearekin batera, dirua biltzea ikastola hauen alde. Ekimen horren lehen urratsa ikastola taldeari berari proposatzen diogu. Urtarrilaren 26an ikastola guztietan adin guztietako ikasleek landuko dute zerbait elkartasun honen adierazgarri, eta ikastola bakoitzak diru ekarpen zuzen bat egingo du, ikastola bakoitzak matrikulatuta dauzkan ikasle bakoitzeko euro bat.
Urrats hau aurkezteko prentsaurreko bat eskainiko da urtarrilaren 23an, astelehenez, eta bertan iragarriko da ekimena bera euskal gizartera osora zabaltzeko egitasmoa.
Ekimen hau zuen ikastolan ahalik eta indarrik handienarekin bultzatzeko deia egiten dizuegu. Beste kasu batzuetan bezala, eta2003ko urrian euriteak hondatu zuen Nafarroa Oinez jaia daukagu buruan, gure artekoen arazo larriak auzolanean konpontzeko ordua da, atzerapenik gabe aurpegia emateko ordua. Ziur naiz ez duzuela, ez dugula, hutsik egingo.
Adeitasunez, Ikastolen Elkartearen izenean,
Koldo Tellitu Mejia
