
Azken urte hauetan, Ordizian, Hiri Hezitzailearen proiektua lantzen joan da. Ordiziako Udala, eskola, elkarte eta erakunde desberdinen arteko elkarlana bultzatzea du helburu nagusi; garatzen ari diren ekimen desberdinak, sendotzeko bidean dagoen proiektuaren eredu dira.
Hau dela eta Jakintza ikastolaren aurtengo proposamenetako bat DBH 4ko ikasleek Gaztelania eta Literatura ikasgaian, Jordi Sierra i Fabra idazle ospetsuaren “Lágrimas de sangre” eleberriaren azterketa aurrera eramatea izan da. Lanketaren helburua, irakurzaletasuna pizteaz eta literatur mailan idazlanak eskatzen duen tratamendua hautemateaz gain, gure gazteriak,gaurko gizarteak duen errealitate gaitzesgarrienetakora hurbiltzea eta sentsibilizatzea da: genero indarkeria. Kasu honetan, biktima suertatzen den gazte bat protagonista delarik.
Jakintza ikastolan, etengabeko hobekuntza, teknologia berrietara egokitzea eta irakasleen formazioak, besteak beste, eguneroko praktikarako ardatz nagusi bilakatzen dira eta hori dela medio tertulia dialogikoen bidez aipatutako obraren proiektua garatu da. Pedagogian aditua eta literatur tertulia dialogikoen sustatzaile den Miguel Loza Agirreren gidaritzapean, kontzeptuak duen esanahiaz jabetu gara: irakurketa partekatzea da eta era berean, tertuliak, gizakien arteko topaleku bihurtzen dira. Horretaz gain, sentimenduak adieraztera, entzutera, besteen iritziak errespetatzera eta irakurketarekin disfrutatzera laguntzen dute.
Ordiziako Berritzegunean egindako ikastaroak ilusioz beteriko proiektu honetara eraman gaitu. Hiri Hezitzaileei asmoa adierazi ondoren, ikastolako guraso, Kimetz erakundeari eta Jubilatuei gonbitea luzatu zitzaien; azkenik, udal berdintasun sailaren bitartez, Miriam Herbónek (genero indarkerian aditua) datorren asteazkenean (Barrena 15:30) bideratuko duen solasaldira ordiziar guztiei deia zabaltzen diegu.
Batetik, esperientziak belaunaldi desberdinen arteko topaketa eragingo du eta bestetik, irakurketak, bizipenak partekatzera bultzatuko du eta diziplina akademikotik aldentzen joango da, afektua ikaskuntzaren bitartekari bilakatzen den heinean.
Argazkiak
Irudiak handiagoak ikusteko, gainean klikatu.




[...] Aurrekoan argitaratu genuen bezala, asteazkenean tertulia dialogikoa burutu genuen Barrena Kultur Etxean. [...]