
Ohartuko zinetenez, gure web orriaren itxura goitik behera aldatuta dago.
Aspalditik aldaketa hau emateko asmoa bagenuen ere, arrazoi ezberdinetatik atzeratzen joan ginen, baina opor hauek aprobetxatuz, aldaketa ematera ausartu gara eta orain ikusten duzuen itxura eman diogu. Gure iritziz, diseinu garbiagoa eta atseginagoa eman diogu, baina aldaketa hau ez da itxura aldaketa huts bat, gure edukiak agertzeko beste oinarri garrantzitsu batzuk daude aldaketa honen atzean.
Orain arte erabili dugun diseinuan, egunerokotasunari egundoko garrantzia ematen genion eta gure webaren azalean lehentasun handia hartzen zuten. Orain, berriz, ikuspegi korporatiboari garrantzia handiagoa eman nahi izan diogu eta gure ikastolan burutzen ditugun proiektu eta hezkuntza komunitateari egiten dizkiogun ekarpenei toki garrantzitsuago bat eman nahi izan diegu. Modu berean, hezkuntzaren munduan ematen diren albisteak, ekarpenak, eztabaidak… gertuagotik jarraituko ditugu eta bere leku propioa izango dute. Horretarako, portfolio ezberdinak diseinatu ditugu eta ez dugu baztertzen beste gaien inguruko portfolio gehiago sortzea ere.
Egunerokotasunak gure webaren azalean garrantzia galdu duen arren, horrek ez du esan nahi orain arte egin dugun jarraipena eten egingo dugunik, ez horixe. Albiste guztiak blog baten moduan aurkeztuko ditugu eta orain arte izan dugun argitaratze maiztasun berdina edo handiagoa izango dugu.
Hasieran, aldaketa guztiekin gertatzen den bezala, eduki guztietara iristeko, zailtasuna gehiago izango baduzue ere, segituan ikusiko duzue oso erraza dela eta ez duzue alde handiegirik antzemango. Hori bai, epe ertainean, espero dugu edukietan alde handia (hoberako, noski) antzematea. Horixe baita aldaketa honen atzean dagoen arrazoirik garrantzitsuena. Espero dezagun guztion gustukoa izatea.
PD: Oraindik, gauza asko falta zaizkigu formatu berrira pasatzeko, baina poliki-poliki joango gara dena osatzen. Ulertuko duzue, Urte Zahar gaua aldaketa hau burutzen igarotzea urte berriari kaixo esateko modu bitxia da, dudarik gabe, baina merezi duelakoan gaude.

Joe Mikel, ze dotorea utzi duzun ikastolako webgunea!!!Zure ekarpenetan beti erabiltzen duzu plurala, beti zara “gu”, inoiz ez “ni”. Ez zaizu protagonista izatea gustatzen, beti jarri duzu ikastola, komunitatea, zure egoaren gainetik. Zure lankideok egiten duzun lana alde askotatik errekonozitu beharko genukeela iruditzen zait; nik pertsonalki uste dut arlo honetan zorretan nagoela zurekin.Gure ikastolaren ispilu birtuala den atari dotore eta elegante honen aita zara; zureak dira atari publiko honetan idatzitako artikulu guztiak, zureak dira bertan eskegita dauden material eta baliabide gehienak eta zurea da lekuaren diseinuaren eta mantenu teknikoaren ardura. Zu zara ikastolaren benetako aurpegia sarean zabaltzen ahalegintzen zaren bakarra. Eta horregatik nire esker ona azaldu nahi dizut publikoki.Eskerrik asko Mikel, ikastolaren alde egiten duzun lan bikain honengatik!
Iujuuuuuuuuuuuuuuuu!Olentzero ez zen iristen eta erregeen zain geunden, baina… abioiz etortzekotan nonbait eta… Hau da oparia ekarri diguna!Ia-ia lanean hasteko gogoa ematen du…! (ia-ia, e?)Oso ondo, Maikol! Urte berri on!
Urte berria albiste pozgarriekin hasi zaigu Jakintza ikastolan. Lehendik ere oso web orria bizia, eguneratua eta baliotsua genuelakoan nengoen. Jakin badakigu Mikelen buruan eta gorputzean ez dagoela atsedenerako tarterik eta begira zer ekarri digun oraingoan.Poliki poliki joango gara neurria hartzen web orri berriari eta garbi dago web orri berri honi kolorea eta batez ere bizitasuna ematea denon eginkizuna dela, Jakintza ikastola osatzen dugun partaide guztiona.Mila esker Mikeli eta beste Jakintzako kide guztiei web orria osatu eta edertzeko gonbitea egin nahi dizuet
Zoragarria benetan gune berritua; ez bakarrik itxura, baita edukiak antolatzeko modua eta beste guztia ere. Bete-betean asmatuta, zalantzarik gabe. Zorionak, Mikel! Zorionak, Jakintza!