3. mailako ikasleen irakaspena

Gure 3. mailako ikasleek irakaspen handia eskaini digute guztioi eta lan bikaina burutuz, euren gela moldatu eta eraberritu dute.

Bai, zortzi urteko ikasle hauek euren gaitasuna erakutsi dute proiektu hau aurrera eramateko eta zerotik abiatuta, oso lan interesgarria burutu dute euren gelari beraiek aukeratutako diseinua emateko.

Lan honen abiapuntua “Matematika Dialogikoak” izeneko saioetan kokaturik dago, baina matematika ez ezik, beste arlo asko izan dira jorratutakoak. Proiektuaren xehetasun guztiak hemen aipatzea oso luzea litzatekeenez, laburpen bat eskainiko dizuegu.

“GELA APAINTZEN” PROIEKTUAREN LABURPENA

Helburu nagusiak:

  • Egiten eta ekiten ikastea (Ekintzailetza)
  • Elkarrekin bizitzen ikastea (Bizikidetza eta elkarlana)
  • Norbera izaten ikastea (Autonomia eta sentsibilitate estetikoa)

Arloekin loturiko helburuak

  • Magnitudeekin loturiko arazoen ebazpena
  • Orientazio espaziala eta espazioen banaketa
  • Planoa, eskala, azalera…
  • Aurrekontuen diseinua
  • Fakturen irakurketa eta ulermena
  • Eskutitzen egitura
  • Ahozko azalpenen ezaugarriak
  • Psikomotrizitate fina


Lan metodologiarekin loturiko helburuak

  • Lan kolaboratzailearen oinarriak
  • Ideia-jasa (brainstorming) teknikaren hastapenak
  • IKT baliabideen erabilera gardena
  • Auzolana eta honen abantailak
  • Proiektu baten planifikazioa eta betetze faseak
  • Problemak edota zailtasunen ebazpenerako jokabideak eta teknikak

PROIEKTUAREN GARAPENA

Horra hor prozesua laburtzen duen irudia. Jatorrizko neurrian ikusteko, irudiaren gainean klik egin.

irudia handiagoa ikusteko, klikatu gainean

irudia handiagoa ikusteko, klikatu gainean

Proiektuaren lehen urratsa, proiektuaren hautaketa izan zen. Aukera ezberdinen artean, ikasleek “Gela apaintzen” izenekoa hautatu zuten. Jarraian, proiektuaren xehetasunak zehaztuko zituen ideia-jasa antolatu genuen. Bertan, ateratako ideia guztietatik hautaketa bat burutu genuen irizpide ezberdinak aintzat hartuz: ideia gauzatzeko aukera errealak, irizpide ekonomikoa (aurrekontua), gela hobetzeko eskaintzen zuen aukera…

Bada, irizpide hauek aintzat harturik, idei sorta bat hautatua izan zen eta planifikazio orokorra egin ostean, hautatutako ideiak taldeetan banatu ziren. Talde bakoitzak bere planifikazio egin zuen eta zereginen zerrenda partaide guztien artean banatu ziren.

Zoritxarrez, ez genuen hasierako fase hauen erregistro grafikorik jaso eta amaieran burutuko dugun ebaluazioan, zalantzarik gabe, hobekuntza proposamen artean agertuko da.

Planifikazioa burututa eta zereginak banaturik, gauzatze faseari hasiera eman genion. Lan zaila eta neketsua suertatu zaigu eta ezarritako epeak ezin izan ditugu errespetatu, baina oso lagungarria izan da benetako zailtasunei aurre egiten ikasteko.

Planoa handiagoa ikusteko, klikatu gainean

Planoa handiagoa ikusteko, klikatu gainean

Kalkulu konplexu ugari egin behar izan genituen, planoak, neurketak, aurrekontuak, baimenak eskatzeko eskutitzak… Hau da, gauzatze fasean murgildu ginen buru-belarri. Egin beharreko gauza guztietatik, zailena eta korapilatsuena gela margotzea zen eta, gainera, ez ginen ados jartzen kolore bat hautatzerakoan. Mª Asun andereñoak kanpoko pertsona baten aholkularitza proposatu zuen eta denok begi onez ikusi genuen Rakel Legorbururi aholkua eskatzea. Rakel, aholkua emateaz gain, proiektuarekin erabat inplikatu zen eta sekulako laguntza eskaini zigun. Horregatik, lerro hauetatik, gure eskerrik onenak adierazi nahi dizkiogu.

Margotzen hasteko garaia iritsi zenean, denok jarri genuen gure borondaterik onena eta tentu handiz aritu ginen ahalik eta lanik txukunena burutzeko. Fase honetan, guraso eta irakasle batzuen laguntza ere izan genuen, baina Ainhitze Etxeberria andereñoak egindakoa azpimarratu nahiko genuke. Izan ere, margotzeaz gain, guztion hanka-sartzeak konpontzen eta dena txukun-txukun uzten orduak eman baitzituen.

Azkenik, eraberritutako gelaren inaugurazio ofiziala burutu genuen. Modu batean zein bestean, proiektuan parte hartutako guztiak gonbidatu eta ekitaldi xume bat prestatu genuen. Hori bai, hamaiketakoa ez zen horren xumea izan. Gurasoek prestaturiko tortila goxoak, kroketa mundialak, olibak, urdaiazpiko eta txorixo bariatuak, freskagarriak, patata frijituak… Buf, a ze betekada!!!

Orain, ebaluazioa burutu eta proiektuari amaiera emango diogu.

Orain, prozesuan zehar hartutako bideo eta argazkiekin uzten zaituztegu.

GELA MARGOTZEN

INAUGURAZIO EKITALDIA

ARGAZKIAK

Beharbada, hau ere interesatuko zaizu

3. mailako ikasleen antzerkia ingelesez
Goierriko lanaren prozesua
Ikastolen mapa digitala gure ikasleek egina
Erdi Aroa 2. mailakoen antzerkian
5. eta 6. mailako ikasleak bertsolari
Grab This Widget

4 iruzkin to “3. mailako ikasleen irakaspena”

  1. [...] This post was mentioned on Twitter by Jakintza Ikastola. Jakintza Ikastola said: Jakintza Ikastolako 3. mailako ikasleen irakaspena: Gure 3. mailako ikasleek irakaspen handia eskaini digu… http://bit.ly/a8O2tU [...]

  2. Bikaina egindako lana, bai antolatze fasean baita gauzatzeko unean. Zorionak proiektuan parte hartu duzuen ikasle, guraso eta irakasle guztiei.

  3. [...] doan guztia, jakintza.net web orrian argitaratu duten artikulu honetatik atera [...]

  4. Komunitateko kide guztion izenean, mila esker Jolaus!!!

    Izan ere, proiektu honen lanketaren ardatz nagusietako bat “ikas-komunitatea” izan baita. Zalantzarik gabe, komunitatea eta auzolanaren ahalmen ikaragarria gure eguneroko lanera eramatea lortzen dugunean, normalean, emaitza bikaina izaten da. Ea gure programazioetan ikuspegi horri garrantzia handiagoa ematen diogun.

Erantzuna utzi