Putxerriko satorrak
Iparraldeko ikastolekin elkarlanean Antzerki emanaldia
Azkaingo ikastolako 15 gurasok sortu eta prestatu duten ekitaldia da. Azkainen eman zen lehen aldiz, oso harrera beroa izan zuen, aretoa bete jende 500 lagun inguru bildu baitziren. Harrez gero Beran, Kanbon, Urruñan eta Garazin emana izan da eta orain Lazkaon eskainiko dute emanaldia. Bihar, ostirala, abenduak 11, aratsaldeko 19:00etan Areria Kultur Etxean.
15 guraso dira, tartean ikastolako 3 andereñoak, antzerkian aritu gabeak, beraz antzerki esperientzi berri honen abenturan sartzeko ausardia izan dutenak. Lehen segundutik azkeneraino, ikuskizunak irauten duen 40 minututan bakoitzaren eta denen arteko sorkuntza lana da, keinu, dantza eta gorputz espresioa oinarri.
Izenburuari dagokionez, Putxerri Aralargo kasko bat izateaz gain, Azkaingo borda ezagun bat ere bada eta handik hartutakoa da “Putxerriko borda”tik alegia. Hango nahiz nonahiko satorren bizia agertzean gure edonoren egunerokoa islatzen du modu goxo eta hunkigarrian.
Hasiera batean haurrentzako ikuskizuna sortzea uste bazuten ere proiektuak aurrera egin ahala, nork nahik barnetik sentitzeko moduko ikuskizuna osatzen ari zirela ohartu ziren, adin eta hizkuntza mugarik gabe.
Gainera “artistak” hauek ez dira antzezle lanetara mugatu. Proiektua haratago eraman nahi izan dute eta Integrazio Batzordearen alde aritzea erabaki dute. Beraz ahalik eta “sos” gehien biltzeko asmoz, gastuak ordaintzeko sponsorrak aurkitu dituzte, afixa eta trakta xoragarriak atera dituzte, horiek banatzeaz arduratu dira, jantzi, leku… eta abar. Eta sarreretako dirua Integrazio batzordearentzat da.
Integrazio batzordea:
Ikasle elbarrituak ikastolan integratzeko proiektua garatzen du Seaska barneko batzorde honek. Hezitzaile edo Irakasle Berezitu postuak Seaskaren gain gelditzen dira, Hezkunde nazionalak ez baitu banakako integrazioentzat horrelakorik proposatzen. Beraz gisa honetako proiektuak garrantzi handikoak dira finantziazio iturriak lortzeko.















[...] This post was mentioned on Twitter by Jakintza Ikastola, Mikel Etxarri. Mikel Etxarri said: Putxerriko satorrak http://ff.im/-cJbUD [...]