Basaurako leizea
Gure mendizaleek beste kronika bat idatzi digute eta, beti bezala, zuekin guztiokin partekatzen dugu. Oraingo honetan, gailurrak alde batera utzi eta sator gisan lur azpiko eremu misteriotsuetan murgilduta ibili dira. Horra hor utzi diguten kronika eta argazki bilduma. Gozatu!
Nafarroako Ameskoa araneko Barindano herriko lurretan ibili gara gaur, agian, lur-azpian esatea zuzenagoa izango da.
Autobusak utzi gaituen lekutik hogei bat minutuko bidea egin behar izan dugu Basauraino, aurrena mendi pista batean eta ondoren ezpal-sasi eta arteez osatutako baso itxi batean zehar. Egia esan, ez zaigu asko kostatu leizearen sarrerara iristea, eta bat baino gehiago aho zabalik gelditu da atari ikusgarria begi aurrean ikusi duenean.
Hala ere, ez pentsa inor atzera gelditu denik, guztiak egin baitugu aurrera Itxako errekak milaka urteetan zehar sortutako tunelaren barrena zulo sakon eta izugarri batek bidea oztopatu digun arte. Batek daki, gaur zuloari so gelditu garenetako norbait ausartuko ote den bere ondoa aztertzera etorkizunean.
Oraingoz, espeleologoek interneten plazaratutako bideoekin konformatu beharko dugu.
ARGAZKIAK












