Aspaldiko kontua da gure ikastolara partekatzearen kultura gure IKT dinamizatzailearen eskutik iritsi zela. Berari esker, jarrera horrek dakartzan onurez eta abantailez jabetzen joan zen irakasleria eta lan isil hori bere fruituak ematen hasi zen forma ezberdinetan eta blogak, wikiak, webquestak… ugaritzen joan ziren ikastolako maila eta arlo ezberdinetan. Gure ikastola bere identitate digitala eraikitzen hasita zegoen.
Nolanahi ere, gure ikastolaren identitate hori ez da eraikitzen sarean eta bere inguruan antolatutako ekimenetan egiten diren agerraldi eta lanekin soilik, izan ere, lan horren guztiaren atzean, web mailan aurpegia ematen ez duen jende asko dago eta euren proiektu askok beste proiektu ezagunago batzuen itzalean gelditzen dira eta gauza bera gertatzen da irakasle batzuen lanarekin. Batzuenak aski ezagunak diren bitartean eta sarean oihartzun handia duten arren, badira beste irakasle batzuk lan isila eta funtsezkoa betetzen dutenak. Gaur, ipuin bilduma baten aitzakiarekin, horietako baten lana azpimarratu nahiko genuke.
Mertxe Saez de Egilaz dugu gaurko protagonista. Interneten bere aurpegia batere erakusten ez duen arren, gure ikastolan dugun azpiegituraren zati handi bat zaintzeaz arduratzen den langile fina bezain zorrotza da Mertxe. Berari esker, adibidez, Ikasys proiektuarekin lanean ari diren 81 ordenagailu ultra-eramangarriak beti lanerako pronto ditugu, Lehen Hezkuntzako IKT baliabideen funtzionamenduak errendimendurik handiena eskaintzen digu, urtetan matxuren jarraipen estua egin du…
Hori guztia gutxi balitz, urteak daramatza bere eguneroko lanean berrikuntzak eta hobekuntzak sartzen, jakin-min aseezina erakusten, lankideei esku bat botatzeko beti prest, baliabide propioak etengabe ari da sortzen, auto-formazioa bere lanaren esparru guztietara eraman du, blogak, wikiak, webquestak… sortu eta kudeatzen ditu… eta horrela luze jarrai genezake, baina bere ikasleekin egindako lan horietako bat erakutsi nahi dugu eta hobe izango da harira joatea.
5. mailako Txanela Proiektuak unibertso, galaxiak, eguzki sistema… jorratzen ditu eta gaiarekin lotuta era askotako proposamenak egiten ditu ikasleen sormena, autonomia, bizikidetza, jarrera ekintzailea… sustatzeko. Hizkuntzaren lanketarekin lotuta, ipuina jorratzeko proposamen bat egiten du eta Mertxek bere ikasleekin lan hori burutu ondoren, guztion esku jarri du. Horretarako, ikasle bakoitzak bere GApps kontuarekin, Google Docs erabili du bere ipuina ekoizteko. Jarraian, ekoiztutako ipuina Urkorekin batera sortutako Google Sitesera pasatu dituzte ipuin guztiak gune batean biltzeko eta guztion esku uzteko.
IKASLEEK EKOIZTUTAKO IPUIN BILDUMA
Ez dugu astirik izan ikasleen ipuin guztiak irakurtzeko, 26 baitira, baina irakurri dugunarekin nahikoa izan dugu 10 urteko ikasle hauek eginiko lanaren kalitateaz ohartzeko. Zorionak guztiei!!! Aurki, Urkoren taldekoenak ere ikusgai egongo dira.
Arestian esan dugun bezala, gure ikastolaren identitate digitala eta gehiago, Mertxe bezalako jendeari esker eraikitzen ari gara eta iceberg baten antzera, jendeak zatirik txikiena baino ez du ikusten. Horregatik, gaur Mertxerekin egin dugun bezala, joango gara ikastolan ditugun beste “perla” batzuk deskubrituz. Gure benetako talde lanaren filosofia eguneroko laneko ekintzen bidez demostratzen da eta Mertxe, guztiontzat, adibide garbi bat da.

[...] This post was mentioned on Twitter by Jakintza Ikastola, Mikel Etxarri. Mikel Etxarri said: Identitate digitala ez da azaleko ipuina http://ff.im/-c4XhV [...]