Ikastolako irakasle profila
Konpetentzietan Oinarritutako Curriculuma, ikasleak eskuratu beharreko konpetentzia orokorrak, ikaslearen irteera profila etab. dira azken aldian bueltaka, gure artean dabiltzan kontzeptuak. Konpetentzien lanketari dagokionez, gure arteko azken bi saioetan aurreko guztia gauzatu ahal izateko funtsezkoa den elementuari buruz jardun dugu, irakasle profilaz hain zuzen.
Zer irakasle mota behar da konpetentzietan oinarritutako ikuspegi berri horretarako?
Abiapuntua garbi baldin badugu, alegia, ikasleek oinarrizko konpetentziak eskuratu behar dituztela amaierako profila lortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da irakasle konpetenteak izatea, irakasle trebeak izatea. Hezkuntza-komunitatean integratutakoak, prestakuntza pertsonal eta akademiko sendoa dutenak, eta egoera sozial berriek sorrarazitako eskakizunetara egokitzeko gai direnak.
Hezkuntza-eredu tradizionalak, irakaskuntzan oinarritzen zenak, diziplina-jakintzari edo jakintzari ematen zion lehentasuna. Aldiz, ikaskuntzan oinarritutako eredu berriarentzat, osotasun batean lau ikaskuntza-motak batzea da hezkuntza; hain zuzen ere: jakitea, egiten jakitea, besteekin izaten jakitea eta norbera izaten jakitea.
Begi bistakoa da aldaketa handia dela eta irakasle berriek zentzu honetan trebatu behar dutela eta dagoeneko irakasle eginkizunetan gabiltzanok ibilbide edo prestakuntza sakona behar dugula delako irakaslearen profilera egokitzeko.
Esan bezala, buru belarri horretan jardun dugu Jakintza ikastolako irakasleok.













