Lekunberri eta Ollarango Bailara

lanean-txikiGure mendizaleek diotenez, euren umeak ez dira sekula nekatzen, baina guk ez dakigu zer esan. “Nolako enborra, halako ezpalak” dio euskal esaera zahar batek, eta hauen kasuan bete-betean asmatzen du. Izan ere, tarte txiki bat duten bakoitzean, plan berriak diseinatzen hasi eta ikastolako mendizaleen koadrila handi hori martxan jartzen dute. Hori bai, bistan da “bekatuaren sagar” hori dastatzera animatzen direnak oso gustura gelditzen direla eta errepikatzen dutela. Zerbaitengatik izango da, ez?

Oraingo kronika honetan, aurreko asteburuko irteeraren berri eta argazkiak argitaratzeaz gain, igande honetan Nafarroa Oinezera joateko antolatutako beste irteera baten berri ematen digute. Horra hor kronika oso-osorik.

Eguraldi kaxkarrarekin ekin genion igandean Lekunberriko irteerari. Irten baino lehen, aukera batzuk aztertu ondoren, Lizarrustitik Guardaetxera, Lareo eta Igaratzaren arteko basoaren barrena joatea erabaki genuen. Hemendik Lekunberrira kotxez joan ginen. Eguraldi txarra bai, baino basoan zehar babesean ibili ginen eta ondo egin genuen ibilbidea, gainera, ia bilatu gabe onddoak aurkitzen genituen txoko guztietatik. Kanpinean garbitu ondoren, bertako sukaldean prestatu zituzten gero afari ederra egiteko. Ohera joateko garaian “juerga” pixka bat bota genuen (txiki hauek ez dira sekula nekatzen) eta hurrengo goizean, gosaltzen ari ginen bitartean, plana berri bat prestatu genuen; eta baita asmatu ere. Izan ere, mendiz inguratutako soroz eta zelaiez osatuta dagoen Ollarango Bailararen edertasunak zur eta lur utzi gintuen.

Bertan, Artetako Gatzagak, iturburua eta lur azpiko urak interpretazio zentroa bisitatu genituen. Udaberrian mendi irteera antolatzekotan gelditu ginen, garai horretan ur gehiagorekin, iturburua eta ur-jauziak politagoak egongo direlako. Nahiko denbora eskasarekin bazkaltzera joan ginen Ollo herriko Guresustraiak aterpetxera (oraingo honetan perretxikorik gabe baino bapo bazkalduta ere).

Kronika eta argazkien arabera mendira joatea baino, irteera gastronomikoa egin dugula dirudi arren, ondo ibili gara bietan. Errepikatzeko modukoa.

Eta ez ahaztu Nafarroa Oinez dugula hurrengo irteera. Autobusarekin hurbilduko gara 5/6 kilometrotara, hemendik 9 kilometroko zirkuitua hartzeko. Igandera arte beraz.

Beharbada, hau ere interesatuko zaizu

Ordizia – Lekunberri mendi irteera
Murumendi
Elikadura eta osasuna
Udaberriko festa
Ordiziako gaztetxoentzat XLIV. ibilaldia herrian
Grab This Widget

Erantzuna utzi