Euskarians, euskal kirolarien argazki bilduma

euskarians_logoDuela egun batzuk, Euskarians izeneko ekimenaren aurkezpena burutu zen eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekimen hau hedatzeko laguntza eskatu digunez, horra hor euren web orrian argitaratu duten mezua.

Lehen aldiz, Euskal Herri osoan euskal kirolariak biltzen dituen kromo bilduma hedatu du D ereduko lehen hezkuntzako haurren artean.

Bildumak estereotipoak saihestu eta balore batzuk transmititu nahi izan ditu. Generoaren, herrialdeen eta kirolen arteko oreka zaintzeaz gain haurrak jolasa euskaraz egitera deitzen ditu bilduma honek.

Bilduma honek konpetentzia handia du, guztiontzako ezaguna den futbol liga bezalako bildumak ere egon badaudelako. Internetek eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi ditugu telebistako iragarkiei, ahal den neurrian behintzat, aurre egiteko.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Euskarians, euskal kirolarien argazki bilduma’ aurkeztu du Donostian. Argazki-bilduma honek, euskal kirolariei buruzko informazioa jasotzen du eta 6 eta 12 urteko haurrei zuzendua dago. Albumean, 138 argazkitan kirol ezberdinei zein kirolariei buruzko informazioa jasotzen da, Ikastetxeetan banatuko dira 100.000 album eta ikasle bakoitzak itsasten diren argazkien zorrotxo bana jasoko du. Euskal Herriko 2.000 kioskoetan egongo dira salgai kromoak.

Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, Euskal Herriko 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutakoa da albuma. Eta honen helburua ere azaldu du: “Eurentzat garrantzitsu diren horiek, erreferentzial eta erakargarri diren euskal kirolari horiek, puntako kirolariak izateaz gain euskaldunak ere badirela adierazi nahi diegu horrela”. Albumak, hainbat kirol modalitate eskaintzen ditu: motorra, eskubaloia, eskupilota, surfa, herri kirolak, errugbia, saskibaloia, mendi-kirolak, futbola, ur-kirolak, hockey-a, txirrindularitza etab. Atal bakoitzean punta-puntako euskal kirolarien argazkiak osatzeko aukera izango dute haurrek.

“Hain zuzen ere euskararen inguruko balore pedagogikoak zeharka zabaltzea du xede bildumak. Haur-gazteek euskaraz egitea, euskararekin solidarioak izatea edota hizkuntza-ezagutzaren balio erantsi izaeraz kontzientzia hartzea da helburua”, Mendigurenen hitzetan. Balore hauez gain, pertsonen arteko berdintasuna, genero berdintasuna, bizimodu osasuntsuaren garrantzia eta beste sustatu nahi izan ditu Kontseiluak.

Euskal kirolariak ezagutzeko aukera izango dute haurrek albumaren bitartez, baina ez hori bakarrik “euskara lagunekin lantzeko aukera izango dute haurrek. Euskaraz jolasten badira, elkarren arteko harremanak euskaraz sortuko dituzte. Horretan datza baita ere Kontseiluaren apustuak”, adierazi du Mendigurenek. Horretarako, haurrei euskara zuzen erabiliz trukean aritzeko hainbat esamolde ere eskainiko zaizkie bilduman bertan.

Haurrek eta gazteek, beti izaten dituzte pertsona ezagunak erreferente. Kontseiluak, ildo honetan ere ekarpena egin nahi izan du eta erreferentzia horiek euskaldunak izan daitezen bilatu du. Horretarako, “haurrek eskolan euskaraz egiten duten bezala, talde eta norbanako horiek bere lanean euskara ere erabiltzen dutela azaldu nahi diegu. Izan ere, asko Bai Euskarari ziurtagiriaren jabe dira”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Albumaren banaketa ikastetxeen bidez egingo da. Bertan haurrek doan jasoko baitute albuma, lehenengo kromo-zorrotxoarekin batera. Euskarazko ereduetan ikasten duten ikasleei banatuko zaie albuma. Horretarako, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen, Sortzen Ikasbatuaz elkartearen eta Kristau Eskolen laguntza izan du Kontseiluak eta eurei eskerrak adin-tarte horretako Euskal Herriko ia haur guztiek izango dute Euskarians-en berri. Agerraldian izan dira Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu eta Sortzen Ikasbatuazeko Nestor Martinez. Beraiekin batera hainbat kirolari ere izan dira agerraldian; hala nola, Itxaso Sanchez eta Maria Eugenia Guajardo Errealeko hockey jokalariak; Iñigo Imaz Bera-Bera errugbi taldeko ordezkaria; Ander Elosegi piraguista eta Gorka Karapeto eskalatzailea.

Koldo Tellituk, albumaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, “oso ekimen interesgarria da hau. Xabierrek esandakoari zerbait gehitzearren, lurraldetasunaren irizpidea gehituko nuke. Izan ere, mugaren bi aldeko kirolariak ezagutzeko aukera izango dute haurrek”. Nestor Martinezek bere aldetik, Telliturekin bat egin du “euskal curriculumerako ekarpen moduan ulertzen dugu, lurraldetasunaren ikuspuntutik eta baita euskara sustatzeko ere”.

Gainontzeko kromoak, berriz, Euskal Herriko ia 2.000 kioskoetan egongo dira salgai euro 1ean zorrotxoa. Urte honetako azken hiruhilabetekoan egingo da kanpaina. “Guztira 100.000 album banatuko dira. Hauekin, adin tarte horretako haur-gazteen gehiengora helduko gara. Eta guztira 3.600.000 argazki, eranskailu formatuan banatuko dira, bost argazkiko zorrotxoetan” azaldu Mendigurenek.

Lehen aldia da gai honekin euskaraz horrelako bilduma bat egiten dela. “Berri izate hori ere balio erantsia da albumarentzat. Diseinu erakargarria egiten saiatu gara. Adin-tarte horretan dauden haur-gazteengana heltzeko asmoz”.

Albumak osagarri duen web gune bat ere izango du: www.euskarians.net. Bertan kirolari guztien irudiak egoteaz gain, beraien inguruko informazioa, haurrei zuzendutako esamoldeak, kioskoen zerrenda, gurasoei zuzendutako informazioa, bildumaren jarraipena egiteko orria etab. jasoko dira.

Beharbada, hau ere interesatuko zaizu

Euskalgintzaren mapa
Euskaraz Bai Astea Ordizian
LHko 2. zikloko ikasleak MIguel Avaristorekin solasean
.eus domeinuaren aldeko ekimena
Euskaraz Bai Ekitalda BEC-en
Grab This Widget

Erantzuna utzi