Sastarrain, 2. eguneko kronika
Atzoko eguraldi tristearen ondoren, eguna argiagoa atera zaigu eta prestaturiko ekintzez gozatzeko aukera hobea izan dugu.
Ekain kobazuloaren erreplika bat den Ekainberrira joan garenean, ezin izan ditugu irudirik hartu, baina gure begietan ederki gorde ditugu gure arbasoek egindako marrazkiak eta garai hartako bizimodu gogorra. Horren lekuko, besteak beste, gure ikasleen zailtasunak sua egiteko. Nolanahi ere, hemen bertan egindako tailerrean nahiko ongi moldatu dira eta sua erraztasunez lortzen zutela ikusi ahal izan dugu.
Ibilbideari dagokionez, gaurko eguraldi epelak atzoko lanbroak ezkutatutako paraje zoragarrien edertasuna erakutsi digu. Esaten dugun hori gehiegikeria bat ez dela egiaztatzeko, bideo labur bat grabatu goizean eta beste bat arratsaldean eta zuen esku jartzen dizkizuegu. Zoragarriak!!!
Arratsaldean, berriro ekintza ugari izan ditugu eta gure ikasle “martxoso” hauengan neke arrastorik ez dugu sumatu. Jolasak, kirolak… eta afarian Urkoren 9. urtebetetzea ospatu dugu. Pastelak, globoak, kandelak… eta jarraian, “diskoteka” zaratatsu eta alaia izan dugu. 11:00etan amaitu da gaurko egun luzea eta denak ohera joan dira.
Mezu hau idazten ari garen unean, isiltasun izugarria da nagusi eta denak lo daude lasai-lasai. Azkenean, nekeak bere lana egin du eta Morfeoren altzoan utzi ditu denak.
Bihar goizean, gelditzen zaizkien azken ekintzak burutuko dituzte eta, aurtengo esperientziari amaiera ematen hasiko gara. Datorren ikasturtean, Zarautz izango da ziklo honek egingo duen irteeraren jomuga eta 4. mailakoak ziklotik pasatzen direnez, Zuhatzara joango dira. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Jarraian, goizeko, arratsaldeko eta gaueko bideoez gain, egunean zehar ateratako argazki bilduma ere jartzen dizuegu. Ondo pasa gaua eta bihar 16:30ean lehen eskutik jasoko dituzue xehetasun guztiak.
Goizeko bideoa
Arratsaldeko bideoa
Gaueko bideoa
Gaurko argazkiak














