Loreekin une atseginak igaroz
Datorren ekainaren 10ean lore lehorren tailerra hasiko da Ordizian, Udaleko euskara zerbitzuaren eta Hitzaro euskara elkartearen eskutik. Amaia Oar-Arteta eskulan irakasleak emango du tailerra Barrena Kultur Etxean, 19:00etatik 21:00etara, honako lau egunotan: ekainak 10, 17 eta 24ean eta uztailaren 1ean. Matrikula 22,50€koa da eta ekainaren 3an amaituko da izena emateko epea. Izen-emateko esku-orriak Udaleko Herritarren Arreta Bulegoan edota Hitzaron (Milagrosa eraikin ohia) jaso litezke.
Loreak nola tratatu irakatsiko da ikastaroan, teorikoa eta praktika uztartuta. Besteak beste, honako edukiak landuko dituzte: loreak biltzeko garaia, tratatzeko lore egokienak zeintzuk diren, formaren arabera nola egin, sakatu eta gero nola gorde, lore lehorrekin zein konposizio egin (txartelak, koadroak…) eta zein materialekin (kristala, egurra…).
Honako materiala erabiliko dute ikasleek: egunkariak edo telefono-aurkibidea, komuneko papera, depilatzeko pintza, kola zuri azkarra (arotzena), ile-laka gogorra, norberaren gustuko papera edo kartulina -konposizioak horren gainean egingo baitira-. Denbora emango balie, beste material batzuk ere erabiliko dituztela aurreratu die antolatzaileei Oar-Artetak.
Amaia Oar-Arteta Muñoa, Jakintza Ikastolan esku-lanetako irakasle izan zen 1978 eta 1984 urteen artean, bai eta Ordiziako Jubilatuenean, Urretxu-Zumarragako Zaharren Egoitzan eta Itsasondon ere. Delineazioa eta magisteritza ikasitakoa da, eta gerora, estenotipia, terapeutika, animazio soziokulturala eta informatika. Orain baino lehen, joskintza, abalorioak, udaberriko eta eguberrietako postreak, eta eguneroko sukaldaritza ikastaroak eman ditu Ordizian, EBPNaren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) barruan.














