Uda ikastaroak egiteko diru-laguntzak, unibertsitarientzat

udakoAte joka dauzkagu UEUren, EHU-UPVren eta Hik Hasi-ren udako ikastaroak, eta, urtero bezala, Ordiziako Udalak gogora ekarri nahi du diru-laguntzak emango dizkiela horietara doazen ikasleei edota langabetuei, beti ere hartzen dituzten ikastaroak euskaraz badira.

Diru-laguntza eskatzaileak ondorengo baldintzak bete beharko ditu: Ordizian erroldatuta egotea eta ikastaroan asistentzia ona izan duela bermatzea, ziurtagiri bidez; izan ere, %85eko asistentzia ziurtatu behar da UEU eta EHUko ikastaroen kasuan, eta %100ekoa Hik Hasi-ko ikastaroen kasuan. Aipatu baldintzak betez gero, matrikula kostuaren %50 itzuliko dio Udalak eskatzaileari.

Udako ikastaroetarako diru-laguntzak emateko diru-partida berezia dauka Ordiziako Udalak. Beraz, diru-laguntzak partida agortu artekoak izango dira. Partida horretan jasotako diru kopurua baino handiagoa balitz eskaera, laguntzak eskatzaile guztien artean proportzionalki banatuko lirateke.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Eskaera orriarekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nortasun agiriaren kopia, asistentzia ziurtagiria, matrikula ordaindu izanaren agiria eta ikasle edo langabetu txartelaren kopia.

Ikastaroei buruzko informazioa

Udako Euskal Unibertsitatean matrikula egiteko epea ekainaren 19ra arte izango da zabalik. UEUren 37. Ikastaroak Eibarren, Baionan eta Iruñean gauzatuko dira. Guztira, 37 ikastaro antolatu dituzte: hamabost Eibarren (ekainaren 29tik uztailaren 3ra eta uztailaren 13tik 17ra), zortzi Baionan (uztailaren 6tik 10era) eta hamaika Iruñean (uztailaren 20tik 24ra). Ikastaro horien gaineko informazioa nahi duenak, UEUren web-gunean topatuko du (www.ueu.org).

Maiatzaren 4tik eta plaza hutsak gelditzen diren bitartean eman ahal izango da izena EHU-UPVko Uda Ikastaroetan. Ekainetik irailera bitartean izango dira XXIV. Uda Ikastaroak Donostiako Miramar Jauregian, eta 72 ikastaro eskainiko dira guztira; horietatik sei izango dira euskaraz. Honakoak:

  • Jarduera-ezak eta elikadura ohitura txarrek eragindako nahaste metaboliko eta kardiobaskular kronikoak (Osasun Zientziak zikloa)
  • Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak? (Komunikazioa zikloa)
  • Eguraldia, euskara eta hedabideak (Komunikazioa zikloa)
  • Sormen gaitasuna kitzikatuz: sormena lantzeko bideak (Komunikazioa zikloa)
  • Hizkuntza jolas, telebistan eta irakaskuntzan (Hezkuntza zikloa)
  • Ordenagailuen bitarteko ikaskuntza (Hezkuntza zikloa).

Argibideak eta izena ematea, www.sc.ehu.es webgunean dituzu.

Uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira X. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak Donostiako Ibaetako campusean. Matrikula egiteko epea, hil honen 29an amaituko da. Guztira 31 ikastaro eskainiko dituzte (www.hikhasi.com/topaketak).

Beharbada, hauek ere gustatuko zaizkizu

Hizkuntza erabilera handitzeko ikastaroak hezitzaile eta gurasoentzat
Dendaz denda, euskara. 2009ko kanpaina
Lehen Hezkuntzako ikasleak igeriketa ikastaroan
Udako menuak
2009-2010 ikasturtean euskara ikasteko diru-laguntzak

Erantzuna utzi