Haurrentzako masaje tailerra
Maiatzaren 12an hasiko da Ordizian urtebetez azpiko haurrentzako masaje ikastaroa, Udaleko Euskara Zerbitzuak laugarren urtez jarraian antolatuta. Masaje tailerra, EBPNaren (Euskara Biziberritzeko Plana) barruko ekintza da eta familia bidezko hizkuntzaren transmisio bideak indartzea du helburu. Izan ere, Ordiziako Udalak, egoera guztietan euskara erabili ahal izateko tresnak eman nahi dizkie gurasoei: “Masajea haurrekin komunikatzeko beste modu bat da eta, eskuen teknikak ez ezik, hizkuntzak ere badu hor zerikusia.
Aurreko urteetan bezala, Jone Beitialarrangoitia psikoterapeuta legazpiarrak emango du masaje tailerra, zazpi saiotan. Hain justu ere, honako egunotan: maiatzaren 12, 14, 19, 21, 26 eta 28an eta ekainaren 2an. Ordu eta erdiko iraupena izango du saio bakoitzak (10:00etatik 11:30etara). Barrena Kultur Etxeko 7. gelan emango da ikastaroa. Informazio gehiago nahi duenak 943 80 56 22 telefonora dei dezake, edota ebpn@ordizia.org helbidera idatzi.
Ikastaroak 50 euroko matrikula du. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, Herritarren Arretarako Udal Bulegoan (Kale Nagusia 24) utzi behar dute matrikula-orria, maiatzaren 4a baino lehen. Gehienez ere hamar guraso eta haur onartuko dira tailerrean eta, lekuak mugatuak izanik, ordiziarrek izango dute lehentasuna. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, artean ere badago lekurik.
Iazko apirilaren lehenetik aurtengo apirilaren lehenera haurra izan duten herriko bikoteei gutunez eman die ikastaroaren berri Euskara Zerbitzuak. Guztira, 109 ume jaio ziren Ordizian aipatu urtebetean.
Liburuxka opari
Jone Beitialarrangoitia irakaslearen esanetan, gurasoen eta seme-alaben arteko lotura eta elkar-ezagutza handitzeaz gain, masajea ona da haurraren sistema inmunologikoa, nerbio-sistema, hezur-sistema eta digestio nahiz muskulu-sistemak bizkortzeko.
Tailerrean zehar, gorputzaren atal desberdinak landuko dituzte. Eta, saio bakoitzaren amaieran, irakaslearekin bakarka aritzeko aukera izango dute gurasoek.
Masaje infantil liburuko hainbat atal oinarri hartuta, euskarazko liburuxka osatu dute Udaleko Euskara Zerbitzukoek. Liburuxka hori banatuko zaie tailerreko gurasoei, etxean ere euren haurrari masajea ematen jarrai dezaten. Tailerrean parte hartu ez eta liburuxka eskuratu nahi lukeen gurasoak, Euskara Zerbitzuan eskatu dezake.















