Badator korrika
Datorren ostegunean, apirilaren 2an, iritsiko da Korrika Ordiziara, goizeko. Suhiltzaileek emango diote “Ongi etorria” Ordizian eta hauekin batera gure DBHko ikasle eta irakasleek ere.
Malkaskotik Joseba Rezola Pasealekuan barrena, eta Tren Geltokia igaro ondoren, Barrena Parkearen beheko sarreran Adur Iñigo eta Jone Galparsorok, HHko ikasleek hartuko dute lekukoa, Jakinsaro mendi taldearen izenean.
Hauek, HHko andereñoa den Mertxe Irazuri emango diote lekukoa, Azari Elkartearen parean. Mertxek lanak izago ditu aldapan gora, Olano tabernaraino Ikastolako langileen kilometroa betetzen. Baina bide erdian, Gudarien Etorbidean, Haur Hezkuntzako ikasle guztiak izango ditu animoak emateko.
Olano Tabernan, Juntakidea den Aitor Madrazok jasoko du lekukoa Jakintza Ikastolaren izenean, eta bertan, Arboledaren parean gehituko zaizko lasterketari Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailakoak. Aitorrek Garagartza Plazaraino egingo du ibilbidea. Garagartzan Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailakoak sartuko dira tropelean. Hauek aldapan behera Geltokira iritsi eta Poligonoko bidea hartuko dute. Hemen, sarreran, Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailako ikasleak sartuko dira korrika egitera.
Poligonoari buelta eman eta gero, Montañitan, Maddi Otamendik hartuko du lekukoa, Jakintzako ikasleen izenean eta Oianguren Institutoko bidegurutzean utziko du Ordizia eta Zaldibiako Gaztetxeen izenean hartuko duen gaztearen eskuetan.
Ordizia pasa ondoren Korrikak Itsasondoko bidea hartuko du.
Ibilbidea hobeto ikusteko, bideoa ikus dezakezu edo Korrikak Ordizian egingo duen ibilbidearen fitxategia jaitsi Google Earth tresnarekin ikusteko.














