6. mailako ikasleek burdin harana bisitatu dute
Gure 6. mailako ikasleek Burdin Haranera eginiko bisitaren kronika bidali digute argazki sorta polit batekin. Horra hor bidali diguten guztia.
Urola Garaia eskualdeko natur eta industri ondarea, ondare historiko-artistikoa eta nekazaritza-ondarea osatzen duten hainbat elementu eta gune ikusi genituen: 50. hamarkadako langileen etxea, garaiko gizartearen ohiturak, garai hartako eskola eredua…
Ondoren, Mirandaolarainoko ibilbidea, museora bisita didaktikoa… Aspertzeko betarik ez genuen izan. Ez horixe!
Legazpiko Mirandaola Parkean, Aizkorriren magalean, dagoen Urola Garaiko Turismo Bulegoa da gure egitasmoaren abiapuntua . Mirandaola Parkeak BURDINAREN TAUPADAK IBILBIDEKO zenbait gune ere barne hartzen ditu: Mirandaolako Burdinola, Mirandaolako baseliza eta EUSKAL BURDINAREN MUSEOA.
Horrez gain, Parkean oso-osorik burdinez eraikitako Europako frontoi bakarra, erregailuak dituen berdegune zabala eta haur-parkea ere aurkituko dituzu.
HISTORIA PIXKA BAT
Legazpin Burdinaren historia duela 1.000 urte baino lehenago hasi zen. Hasiera batean, burdina mendiko haize-oletatik lortzen zen. Beranduago, teknika berriez baliatuz, gurpil hidraulikoa kasu, burdinolak ibaiertzetan kokatu ziren eta produkzioak nabarmen egin zuen gora. Urola (burdinoletako ura euskaraz) ibaiaren ibilguan 15 burdinola baino gehiago egon ziren eta euskal burdina, kalitateagatik, erreferentzia bihurtu zen Europako merkaturik garrantzitsuenetan. Burdinolen Urrezko Aroa izan zen.
Euskal Burdinaren Museoa
Euskal Burdinaren Museoa, Legazpiko antzinako galdaketa-fabrika batean dago kokatua eta Burdina hainbat ikuspuntutik aztertzen du: historia, teknologia, zientzia, industria, ondarea, paisaia, etab. Horrez gain, museoa hartzen duen “Fundiciones San Miguel” fabrika zaharreko jatorrizko elementuak mantendu dira eta erabilera berrien araberako funtzioak eman zaizkie. Elementu eta euskarrien material, forma eta koloreek bere industria-izaera nabarmentzen dute museoko bisita esperientzia paregabe bihurtuz.
Ezagutza ulertzeko moduaren planteamendu berritzaileetatik eta teknologia berrien aplikaziotik iragan berezi hori ulertzeko gakoak eskaintzen ditu. Gizakiaren, natura-ingurunearen eta burdingintzaren arteko erlazioa azaltzen du eta “Burdinaren taupadak” edo “50eko urteetara bidaia: langileen ibilbidea” bezalako txango eta ibilaldi atseginen abiapuntu ere bada.














