Jakintza ikastola Somporten izan da

somport-2Gure mendizale ausart hauek aurreko asteburuko eski irteerari buruzko kronika euren blogean argitaratu dute, jada. Guk, kronika osoa eta argitaratu dituzten argazkiak hona ekartzen dizkizuegu.

Aurreko astea luze joan zitzaigun: eski-guneko, aterpeko eta garraio arduradunekin txangoaren azken xehetasunak lotu nahian, batzuk eguraldi iragarpenari begira; besteak, berriz, ze arropa eraman asmatu ezinik edo urduri lehenengo aldiz eskiak jazteko…

Ostiral gauean mezua: Jakan 15cm elur – oskarbi. Eta larunbat goizeko seietan, euri langarretan, ehun lagun baino gehiago elkartu ginen zintzo autobusetara igotzeko. Egunsenti iluna Iruñean, ateri eta bide bazterretan oinezko taldeak erromes Xabierrera. Ledean zerbait beroa hartu eta Esako urtegiaren ertza jarraituz, Aragoi ibarrean barrena galsoroak zuri zeuden ostadarraren azpian. Pirinioetako tontorrak zeruertzean, lainoak eutsi ezinean edo zulatu nahian? Batek daki! Jakan oskarbi zegoen, baina Canfrancdik gora laino, Candanchun eta Somporten, berriz, elurra atertu gabe.

- “Bon jour”, Blasen taldekoak gara, ehun eta hamar sarrera mesedez!

Eskiak nola lotu ere asmatu ezinik, lehenengo “ikastaroa” jaso eta pinudian gora eta behera sakabanatu ginen: haurrak ausart, helduak baldar. Txantxa, eroriko eta jolasen ondoren bazkari legea aterpean egindakoan berriro elurretara indarberriturik itzuli ginen goizean ikasitakoa praktikatzera. Bostetan berriro autobusera igo, aterpean ostatu hartu, arropaz aldatu eta tropelean Jakako alde zaharreko kaleetan zehar ibili ginen ardo batzuk hartuz; umeek bazuten oraindik baloiaren atzetik ibiltzeko kemena. Afal orduan sukaldaria ezinean, azkenean, ordu erdi beranduago denok mahaira, eta guraso batzuk zerbitzari. Hamaika eta erdietarako gautxoriak ere ohera neka-neka eginda.

Igandean esnatu orduko lehioak ireki eta zerua garbi, gosaldu eta berriro elurretara bidean mendi zuriei begira. Eguzki ederra lagun, bezperan baino hobeto moldatu ginen ametsetako inguruetan, guztiak trebe. Arratsaldean etxera, berriro itzultzeko ametsak eginez.

Beharbada, hau ere interesatuko zaizu

Ernioko bideoa
Mallopean
Somport-eko bideoa
Somport
Somporten elurretan
Grab This Widget

Erantzuna utzi