Ikastolen XVI. Jardunaldi Pedagogikoak
Gasteizen ospatu diren Ikastolen XVI. Jardunaldi Pedagogikoetan, gure ikastolako Panel bat bertan izan da. Panela nolakoa den ideia bat egiteko, azpiko irudian klikatu eta ikusi ahal izango duzue. Bestalde, irudiaren azpian, egun hauetako laburpena eta kronika labur bat uzten dizuegu.
LABURPENA
Parte hartzea
- 500 profesionalek parte hartu dute 3 egun hauetan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako XVI. Jardunaldiotan.
- Euskal Herri osoko 75 ikastola/ikastetxe egon dira ordezkatuta.
Edukiaren garatzaileak
- 6 aditu, 24 ikastola eta ikastetxe baten esperientziak izan ditugu.
Materiala
- Landutako material osoa eta ondorioak www.ikastola.net web gunean jarriko dira.
ONDORIOAK
Ikastolok, azken bi urteetako lanari jarraipena emanez, aurten ere, Jardunaldi Pedagogikoetan, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ildotik jardun dugu. XIV. Jardunaldi Pedagogikoetan azpimarratu genuen bidetik, datozen aldaketen aurrean, gure hezkuntza ereduak, aspektu orokor berritzaileekin batera, euskal kulturaren transmisioarekiko arretarekin jarraitu ez ezik, irakaslearen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa areagotu behar ditu.
Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren garapena ezin da eraiki bizkarra emanez jakintza edo ezagupenei; zentzugabea litzateke ikuspuntu guztietatik, jakintzarik gabe ez dagoelako konpetentziarik. Baina era berean jakintzetan soilik oinarritutako hezkuntzak ez ditu ahalbideratzen gazteek ikasketekin jarraitzeko, lan munduan aritzeko zein pertsona modura garatzeko beharreko estrategiak. Horregatik formula magikorik gabe, egiten ari garen lanetik abiatuta geure ibilbide propioari ekingo diogu.
Ez gaude egun batetik bestera konpontzen den egoera baten aurrean. Alderantziz, berrikuntzak sakonak direnez , denbora hartu beharko dugu horretaz hausnartzeko eta egun, egina dugun lanean oinarrituta, datozkigun aldaketak bideratzeko, eta praktikara eramateko. Horretarako:
- Curriculum berrirako eskola-materialen egokitze eta hobetze prozesuan, zein prestakuntza plan desberdinen eta ebaluazioaren garapenean, Administrazioaren laguntza eta inplikazioa ezinbestekoa dugu. Zentzu honetan talde lanean aritzeko eskaera ozena egiten dugu Jardunaldi hauetatik.
-
Irakaskuntza kooperatiboan sakondu beharra dugu. Estrategia hau oinarrizko konpetentziak lantzeko tresna egokia dela kontuan hartuta, arretaz jarraitzea komenigarri ikusten dugu.
-
Adituen eta ezagutzen ditugun esperientzien arabera, gurasoen parte-hartzea lagungarria da oso esku-hartze pedagogikoan. Familiaren eta eskolaren artean dagoen tartea murrizten joan behar dugu, bata bestearen osagarri izan behar dutelako. Ildo honetatik arlo honetako esperientziak bultzatzea Ikastolen Elkartearen helburu izango da hurrengo urteetan.
-
Giza harremanetan oinarritzen den edozein esparru profesionaletan gertatzen den bezala, hezkuntzan, emozio positiboek garrantzia izugarria dute; azken batean, helburua irakasleen ongizatea indartzea litzatekeelako.
Ikastola eredu komuna lantzeaz batera, ikastola bakoitzaren autonomia pedagogikoaren garapen eraginkorra eta gure arteko elkarlana bultzatzea etorkizuneko zutabeak dira. Berrikuntza eta sare dinamika bultzatzeko zubiak eraikitzea erronka izan behar du Ikastolen Elkartearentzat. Bide honetatik, aurten, ikastoletako 25 esperientzia zehatz ikusteak horren bermea adierazten digu. Hau guztia bultzatzeko atari berri bat ireki dugu, www.ikasleiho.net alegia.
Azkenik, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak berresten du iaz hartutako konpromiso tinkoa, konpetentzia oinarritutako hezkuntzaren lanketan. Bere eskura dauden baliabideak, ikastoletako profesionalen eta gurasoen jardunari laguntzeko erabiliko dira.
















