‘Txatxili txatxi’ egitasmoa larunbatean hasiko da
Datorren larunbatean, hilak 14, jarriko dute martxan Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hitzaro Euskara Elkarteak Txatxili Txatxi aisialdi egitasmoa, EBPN Euskara Biziberritzeko Planaren barruan. Aurten, larunbat goizetan beharrean, larunbat arratsaldeetan egingo dituzte jarduerak. Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako haurrek (8-10 urte) parte har dezakete. Gaur, hilak 10, bukatuko da izena emateko epea. 24 euro balio du matrikulak, eta Hitzaroko bazkideen seme-alabek 20 euro ordaindu beharko dute. Hitzaroren Milagrosa eraikineko bulegoan edota Herritarren Arretarako Udal Bulegoan utzi behar da ordainagiria.
Sei larunbat arratsaldetan
Txatxili Txatxi-ko aisialdi jarduerak sei larunbat arratsaldetan egingo dituzte . Martxoaren 14an eta 28an, apirilaren 4an eta 25ean, eta maiatzaren 9an eta 16an. Bi orduz, 16:30etik 18:30era, ariko dira umeak jolasean. Hitzaroko begirale-hezitzaileek bederatzi haur inguruko taldeak osatuko dituzte, «haurrei tratu pertsonalizatua emateko aukera» izateko. Antolatzaileen arabera, larunbat arratsaldea «lagun artean pasatzeko modu dibertigarria» eskaintzen dute.
Euskararekiko jarrera
Egitasmo horrekin eskolaz kanpoko euskararen erabilera bultzatu nahi dute, jolasen eta aisialdi ekintzen bitartez. «Horrez gain, umeek euskararekiko jarrera positiboa eta aktiboa izan dezaten bilatzen dugu», adierazi dute.
Iturria: Goierriko Hitza














