EGArako materiala bildu eta sarean jarri dute AEK, EHU eta Jakintza ikastolak

e-gela2Aurreko astean, euskalgintzaren munduan hautsa arrotu duen albistearen berri eman genizuen. Gaurkoan, berriz, oso albiste pozgarria eman nahi dizuegu: AEK, EHUko IKIDE taldea eta Jakintza Ikastolako Euskaljakintza guneak, elkarlanean osaturiko gune berri bat sortu dugu: EGArako E-gela

Gune horren xedea, eta gainontzeko xehetasun guztiak hobeto ezagutzeko, eskaini zuten prentsaurrekoaren bideoa eta banatu zuten prentsa-oharrarekin uzten dizkizuegu. Amaieran, hedabide ezberdinetan, albisteak izan duen oihartzuna.

Prentsa oharra

EGA azterketa prestatu nahi duenak badu gaurtik aurrera horretarako web-gune bat doan Interneten, http://www.egela.aek.org izenekoa.

Ekimen hau AEK, Ordiziako Jakintza Ikastolako Maite Goñi eta EHUko Ainhoa Ezeiza irakasleen artean garatu da. Helburu nagusia euskara ikasle eta irakasleen esku baliabide multzo librea jartzea izan da, baina baita elkarlanerako bide berriak zabaltzea ere, ahaleginak batuz, ideiak trukatuz eta IKTeen garapenak hezkuntza helburuak lortzeko ematen dizkigun tresnak baliatuz.

Duela urte t’erdi hasi zen garatzen egitasmoa. Lanak bi alde eduki ditu. Alde batetik, bakoitzak eskura genituen baliabideak konpartitzea eta, bestetik, baliabide horiek guztiak bildu, beharrezkoa izan denean moldatu eta, batez ere, elkarren artean lotu egitura jarria emanez. Ahaleginak bilduz garatu ditugun ikastaro honek ezaugarri oso jakinak ditu:

1. Gune honetan tankera askotako materialak daude EGA azterketa prestatzen laguntzeko: aholkuak, ariketak, azalpenak, adibideak… Era askotako materialak, baliabideak eta lan proposamenak. Oso ezaugarri ezberdinetakoak eta interes oso ezberdinak asetzeko modukoak. Guztiak ordenagailu bidez egiteko prestatuak daude.
2. Erabiltzailearen autonomia garatzeko diseinatua. Askotariko ibilbideak garatzeko moduan antolatua dago gunea. Erabiltzaile bakoitzak bere ibilbide propioa egiteko modua izango du eta, era berean, idazmenaren kasuan, baita egileok proposatutako progresioa jarraitzeko aukera ere.
3. EGA azterketaren ezaugarri jakinei egokitua eta haien arabera antolatua.
4. Informazio eta Komunikazio Tresnek baliabideak konpartitu eta erabiltzaileen eskura jartzeko ematen dituzten aukerak erabili eta garatu nahi izan ditugu gune honetan.
5. Bakoitzak bere kabuz burutzeko modukoa gertatuko da. Ikastaroa inongo tutoretzarik gabe egin daiteke, bertan topatuko baititu erabiltzaileak nahitaezko azalpenak eta oinarrizko feedbackak.
6. CC lizentziapean banatuko da. Lehen urteko proba fasea pasa eta gero baliabide multzoa erabili, moldatu edota osatzeko aukera izango da. Aski izango da Moodle plataforma erabiltzea.

BERRIKUNTZAK

Orain arte oso gutxi izan dira, euskalduntzearen alorrean bederen, hezkuntzaren adar ezberdinen elkarlanaren fruitu izan diren egitasmoak. Alde horretatik, berritzailea da hain inguru ezberdineko jendeak (helduen euskalduntze alfabetatzea, ikastolak, unibertsitatea) bat egitea egitasmo komun bat bideratzeko. Lan egiteko modu honen egokitasuna azpimarratzeko modua ere bada EGA prestatzeko baliabideen gune hau. Elkarlan hau aurrera begirako lan esparru aberats eta emankorra gertatzea espero dugu, ez bakarrik euskalduntzeak, hezkuntzak ere aurrera begira dituen erronka nagusiei aurre egiteko modua izan daiteke eta.

Bai erabiltzeko, bai moldatzeko (proba fasea igaro eta gero) librea izateak ere balio garrantzitsuak dakartza, erabiltzaileari zein hezkuntza eragileei begira. Gune hau, zorionez, gero eta zabalagoa den euskara lantzeko doako tresnen zerrenda handitzera dator. Egitasmoak hartutako tamainak eta lehen aipatutako eragile ezberdinen arteko elkarlanak heldutasun mailako aurrerapauso galanta ekartzen die mota honetako egitasmoei.

Honetan ari diren ikasle eta irakasleen jardunaren osagarri interesgarria bihurtu daiteke gunea. Eskolan edo euskaltegian ikasten denaren osagarri, azterketako ariketak egiten trebatzeko. Guneak ez ditu ohiko klaseak ordeztuko, euskaraz dakitenentzat pentsatua baitago, nork bere kabuz erabiltzeko. Gunearen antolaketaren ardura partekatua izan den moduan, euskarri teknologikoen ardura ere partekatua izango da. Eduki batzuk AEKren E-gelan osatuta daude; besteak, berriz, Ordiziako Euskaljakintza Ikastolaren zerbitzarian. Alde horretatik ere berritzailea da EGA azterketa prestatzeko baliabideen gunea, hemendik aurrera oso aberasgarria gerta daitekeen hezkuntza erakundeen arteko elkarlanaren seinale. Bestalde, Moodle ikaskuntza plataforman eginda dago. Plataforma hau software askekoa da eta filosofia horri segitu nahi izan diote irakasleek ere.

MOODLE

Zergatik aukeratu Moodle plataforma? Bere ezaugarriek bultzatu gintuzten berau aukeratzera. Moodle online moldeko ikastaroak sortzeko programa-multzoa da. Garabidean dagoen kode irekiko proiektua da, eta giza konstruktibismoak gidatutako hezkuntza-egoerak bultzatu nahi ditu.

EZAUGARRI TEKNIKOAK

Helburua gunea ahal den erabiltzaile kopuru handienaren eskura jartzea da. Hori dela eta, arreta berezia jarri dugu bertan bildutako baliabideen eskuragarritasunean. Ez du erabiltzaileak ohikoa ez den tresna edota baliabide informatikorik beharko. Aski izango ditu posta elektroniko helbide bat, Internet konexioa eta oinarrizko konfigurazioa duen ordenagailua.

NOLA ERABILI

Erabiltzaileak, www.egela.aek.org helbidera jo ondoren, alta eman beharko du gunean ikasle gisa. Horretarako izen-abizenak eta posta elektroniko helbidea baino ez ditu beharko. Hori egindakoan, hortik aurrera gunean aritzeko beharko dituen izen eta pasahitz pertsonalak eskuratuko ditu bere posta elektronikoan.

Oihartzuna

Beharbada, hauek ere gustatuko zaizkizu

Euskalgintzaren mapa
Somport-eko bideoa
Hechoko irteera prestatzen
Batxilergoko gurasoentzako bilera: AGIPAD
DBH 2A gelako ikasleak musika lantzen

Erantzuna utzi