Kolonbiako Hezkuntzako ordezkariak Jakintza Ikastola ezagutzen

Herrialde bakoitzak bere hezkuntza sistema propioa du. Gehiengoaren kezka hezkuntzaren kalitatean eragitea eta bide batez handitzea izan ohi da. Hori egiteko modu bat beste herrialde batzuekin esperientziak trukatzea eta elkarrengandik ikastea da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, esaterako, Kolonbiako Hezkuntza Ministerioarekin harremanak dauzka. Iban Asenjo Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak jakitera eman duenez duela bi urte Kolonbian izan ziren hango irakaskuntza sistema ezagutzeko. Orain Kolonbiako ikastetxeetako hamalau zuzendari gonbidatu dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko irakaskuntza sistema ezagutzera.
Bost aste daramatzate Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikastetxeak bisitatuz, eta larunbatean abiatuko dira Kolonbiarantz. Helburuak esperientziak trukatzea eta Kolonbiara eramateko zein esperientzia izan daitekeen interesgarria aztertzea dira.

Hamalau zuzendariak gehienbat eleaniztasunaren trataeran eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen integrazioan daude interesatuta. Kolonbiarrek eleaniztasunari buruz hitz egiten dutenean ingelesa erakusteari buruz ari dira. «Hango hizkuntza gaztelania da. Egia da hizkuntza indigenak egon badaudela. Jaurlaritzak badauzka programa batzuk hango ministerioarekin hizkuntza indigenak bultzatzeko eta prestijiatzeko, baita hizkuntza horiek erakutsi ditzaten irakasleak prestatzeko ere. Baina hona etorri diren zuzendariak eremu horietatik kanpo bizi dira eta eleaniztasunari buruz hitz egiten dutenean ingelesari buruz ari dira», azaldu du Asenjok.

Kolonbiarrentzako nazioarteko hizkuntza ingelesa da. AEBak Kolonbiatik oso gertu daude. «Harremanak dituzte hangoekin eta kolonbiarrentzat premizkoa da ingelesarekin trebatzea eta irakastea».

kolonbiarrak2Asenjoren arabera, eurentzako «pauso handia» izango litzateke ingelesa erakustea. «Hona etorri eta ikusi dute ingelesa ez ezik euskara ere badugula. Gaztelania erakusten dela eta DBHn laugarren hizkuntza bat ere ikas daitekeela, frantsesa edo alemana. Guk hemen daukagun eleaniztasunaren ikuspegia ez dute, eta apur bat harrituta daude hizkuntzekiko gure trataerarekin», dio Asenjok.

Hizkuntza bat baino gehiago irakasteari dagokionez, ordea, arazoa bitartekoak izan daitezkeela diote zuzendariek. «Diote guk hemen ditugun bitartekorik ez dutela, eta ondorioz ezinezkoa edo oso zaila litzatekeela hemengo eredua han aplikatzea. Guk esaten diegu ez begiratzeko hainbeste bitartekoei. Gauza asko eta asko han abian jartzea posible dela ikusi dugu. Irakaskuntza sistema batean dirua eta bitartekoak ez direla guztia erakusten ari gara. Beste gauza asko daude hor: irakasleen motibazioa eta gurasoen inplikazioa esaterako», gehitu du Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

Hezkuntza Saileko kideek, batez ere, sare publikoko ikastetxeak erakutsi dizkiete, baina baita bestelakoak ere. «Hezkuntza sistemaren argazki orokor bat atera nahi izan dugu, nahiz eta gero horren barruan ingelesean eta hezkuntza premia bereziak dituzten kasuetan zentratu garen, eurak batez ere bi gai horietan baitaude interesatuta».

Atzo Goierrin izan ziren hamalau zuzendari kolonbiarrak. Asenjoren arabera eskualdean, itunpeko sarean zein sare publikoan, «kalitate handiko ikastetxeak» daude. Bi ikastetxe erakutsi zizkieten atzo: Ordiziako Jakintza ikastola eta Zeraingo herri eskola, eskola txiki gisara ere izendatua (nekazaritza eremuetako herri txikietako eskolei deitzen zaie txiki).

Bisitatu beharreko ikastetxeen artean Jakintza ikastola batez ere bi arrazoirengatik aukeratu zuen Hezkuntza Sailak. «Urrezko Q-a daukatelako eta ingelesari dagokionez oso ondo garatutako irakasteko metodo berritzaile bat erabiltzen dutelako. Jakintzan bertan garatu duten programa da, oso emaitza onak ematen ari dena».

Hamalau zuzendariei harrera egin eta gero, ikastolak zer diren eta zein ezaugarri dituzten azaldu zieten Jakintzan. Ikastetxeko bertako xehetasunak eman zizkieten, eta azkenik lau urteko haurrekin hasita ingelesa nola lantzen duten azaldu zieten. Ikasle koskorrenek egindako lanak erabili zituzten esku artean.

Teorian entzundakoa praktikan ikusteko aukera izan zuten zuzenzendariek ondoren, gela batean sartuta. Irakasleak eta haurrek istorio bat interpretatu zuten kolonbiarren aurrean, guztia ingelesez eta hitzak eta kantuak sartuz.

Jakintzatik irten eta Ordiziako azokara eraman zituzten, hango berri ere jakin zezaten. Bazkaldu eta arratsaldean izan zuten hitzordua bigarren ikastetxearekin: Zeraingo eskola txikiarekin.

Albiste hau Goirreko Hitza egunkaritik atera dugu.

Goierri Telebistak eman duen albistea:

Albistea Diario Vascon

Beharbada, hauek ere gustatuko zaizkizu

IKASYS proiektua EITBn
Ebaluazio diagnostikoa: helburuak eta ezaugarriak
Ikastolen XVI. jardunaldi pedagogikoak
Atzerriko egonaldietarako laguntza deialdia
Batxilergoko gurasoentzako bilera: AGIPAD

2 iruzkin to “Kolonbiako Hezkuntzako ordezkariak Jakintza Ikastola ezagutzen”

  1. Kaixo Jakintza ikastolari Kolonbiako Amazonasetik!
    Berri hau ikusi eta atsekabea edo tristezia edo nola esan… etorri zait: Kolonbiako hamalau zuzendari egon direla Ordiziako ikastolan eta bertatik “atera” nahi izan dutena (edo Eusko Jaurlaritzatik erakutsi nahi izan zaiena?)eleaniztasuna baino, ingelera ongi irakasten dela da… Tristezia benetan.
    Kolonbian nabilela jada badira bi urte luze eta hizkuntzalaritza graduondokoa ez ezik Amazonaseko eskola indigenekin lanean ere banabil (orain inoiz baino gehiago): tikunekin hain zuzen ere. Hemen inguruko eskola dexente bisitatu ditut eta ez indigenenak bakarrik…
    Lehenik eta behin Kolonbian 65 hizkuntza indigena eta bi hizkuntza kreol daudela esan behar da; halere irakasle askok eta gizarteak orokorrean “en Colombia se habla español” bakarrik dute buruan: hori irakasten ote die beraien ikasleei?
    Kolonbia eleanitza da izatez (Konstituzioan ere aintzatetsi zuten), baina askori bost axola eta ingelera irakatsi besterik ez dute buruan eta hala “Colombia bilingüe” delakoa sortu zuten (Bogotako Merkataritza Ganberak hain zuzen ere: to merkatu interesak!):sekulako aberrazioa hori: Kolonbia ez al zen bada eleanitza 91ko Konstituzioa geroztik??
    Hala Amazonas bezalako leku batean, non 30 hizkuntza gutxi gora-behera hitz egiten baitiren, “txuriei” ez zaie burutik pasa ere egiten hizkuntza indigena bat ikastea: zer esanik ez Hezkuntza Ministerioari! Eta ingelera ikasi behar dutela eta (oso ongi iruditzen zait, bestalde), askotan -gehienetan- hizkuntza indigenak alde batera uzten dituzte.
    Kolonbiako Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Kolonbiako hizkuntza indigenen diagnostiko soziolinguistiko bat egitekotan da; baina, beste aldetik, Hezkuntza Ministerioak, eskola eta hizkuntza indigenei geroz eta laguntza gutxiago eskaintzen dizkie…
    Espero dut, Euskal Herria bisitatu zuten 14 zuzendari horiek, indigenak ez izan arren, hizkuntza gutxituen garrantziaz ohartaraziko zenituztela, izan ere, hizkuntza indigenen garrantziaz gizarte osoa ohartarazi behar baita, ez indigenak beraiek bakarrik!!
    Leticia-Amazonasetik besarkada handi-handi bat denei!
    Nerea Leturia

  2. Kaixo Nerea, zer moduz Amazonetan?
    Ondo izatea espero dut. Orain dela egun batzuk irakurri nuenean zure iruzkina, gure erantzuna merezi zenuela pentsatu nuen eta badakizu, agian Amazonetan lasaitasuna gertu duzue, baina hemen beti presaka bizi gara eta batzutan ez gara inora iristen.
    Egia esatea nahi baduzu, zer pentsatua eman zidan zure iruzkinak eta tristurak. Arrazoi dezente zenuela pentsatu nuen. Zuk aipatzen duzun bezala, Kolonbiako 14 zuzendariei, hizkuntza gutxituei buruz hitz egin genien. Esan genien zer egiten genuen, gure kasuan euskaratik abiatuta, eleaniztasunera iristeko. Ez hori bakarrik, adierazi genien Euskal Herrian zeudela, bertako eskola eredua dela ikastola. Ikastolon eta zehazki Jakintza ikastolaren ezaugarriak azaldu genizkien besteak beste.
    Jakin ezazu Nerea, benetan txalogarria iruditzen zaigula Amazonetako indigenekin burutzen ari zaren lana.
    Bukatzeko, besarkada eta muxu handi bat.

Erantzuna utzi