Ikastolen VI. Batzarra

logoa-orain-geroLarunbatean, 2009ko urtarrilaren 24ean, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan, Ikastolen VI Batzarraren bigarren saioa burutu da, eta bertan 101 ikastolatako 350 ordezkarik esku hartu dute. Goizeko 9:30etan Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren lehendakaria den Koldo Tellituk agurreko hitzekin batera Ikastolen VI Batzarraren bigarren saioaren egitekoa adierazi du. Koldo Tellituk gogora ekarri du, Ikastolen VI Batzarraren lehen saioa, iazko irailaren 27an, Hendaian egindakoa, orduan ikastola mugimenduaren etorkizun hurbila seinalatzeko, eztabaidatzeko eta adosteko egina zen txostena, IKASTOLAK ORAIN ETA GERO deiturikoa, aurkeztu zen.

Hendaiatik Donostiara bitarteko aldian, ikastola bakoitzak IKASTOLAK ORAIN ETA GERO txostenean egiten ziren proposamenak aztergai izan ditu, baita zuzenketa-proposamenak egin ere, eta horiek jaso ostean Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak azken proposamen ofiziala prestatu du, eta gaur Ikastolen VI Batzarraren bigarren saioan bozkatu da. Bi ikasturte oso, 2006/07koa eta 2007/08koa eman dituzte ikastolek gaurdaino, IKASTOLAK ETA ETORKIZUNA izenburupean gogoeta prozesuari ekin ziotenetik azken proposamenera heldu arte.

Lau gai jarri dira bozkan:

  1. Nolako ikastola-eredua nahi da? Gaurko eredutik etorkizuneko eredura zein ezaugarri gorde behar dira? Eta zein elementu berri txertatu behar dira? Eta honi Ikastola 2020 deitu zaio.
  2. Nolako hezkuntza-aukera egin nahi da? Gaurko hezkuntza-aukeratik zein hezkuntza-aukerara pasatu nahi da? Ikastolek 1996ko urrian hasi zuen curriculumari buruzko ikerketaren emaitza, alegia, EUSKAL CURRICULUMA, beste eskola eta ikastetxe batzuekin batera Euskal Herrian egin den heziketa-ikerketa zabalena bilakatu dena.
  3. Nolako antolaketa kolektiboa izan behar dute ikastolek? Federazioak ikastolen bazkidetzaren erakundeak izanez, eta haien bidez Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan esku hartu badute ere, urrats bat, pausu kualitatiboa egin behar zutela uste zuten (egungoa hobetzeko, errazagoa eta eraginkorragoa bihurtzeko, ikastolatik hurbilago jarduteko eta zuzenagoko esku hartzea ahalbidetzeko) ikastolek behar zituzten zerbitzuak denentzat, denonak eta hobeto eskainiak izan daitezen, eta azken finean erakunde argia, ulertzen erraza, bai kanpokoentzat, baita etxekoentzat ere, aitzingidaria, buru bakarrekoa. Eta honi ANTOLAKETA KOLEKTIBOA 2009-2014 deitu zaio.
  4. Eta nolako izan behar du ikastolen hurrengo plan estrategikoak? Iazko irailean I. PLAN INTEGRALA bukatu zen, eta segidakoa behar zuten, lehenak eman zizkien fruitu oparoak ugaltzeko eta hobetzeko. Bost ikasturteetan zehar kudeatu behar duten plan estrategiko honi, 2009-10 ikasturtean hasi eta 2013-2014 ikasturtean amaituko litzatekeenari, II PLAN INTEGRALA deitu diote.

Lau gai nagusiok, elkarri lotuak, IKASTOLAK ORAIN ETA GERO titulu nagusiarekin, erabaki dira lau bozketa bereziren bidez.

Bozketen emaitzak

  1. IKASTOLA 2020 deitu zaio.
  2. EUSKAL CURRICULUMA, beste.
  3. ANTOLAKETA KOLEKTIBOA 2009-2014 deitu zaio.
  4. II PLAN INTEGRALA deitu diote.

IKASTOLA 2020
IKASTOLEN OINARRIZKO CURRICULUM KOMUNA
ANTOLAKETA KOLEKTIBOA 2009-2014
IKASTOLEN II PLAN INTEGRALA

Ondorioak
IKASTOLAK ORAIN ETA GERO txostena onesteak, Ikastolen mugimenduaren sendotasuna erakusten du. XXI mendearen lehen hamarkadetan ikastolen proiektuaren berritzea ekarri du Ikastolen VI. Batzarrak. Besteak beste, Euskal Herriko ikastola guztiak erakunde bakar batean bazkidetuta biltzen dituen Europar Kooperatiba da nobedaderik handietarikoa. XXI mendean Europan onetsitako eredua, eta ikastolen mugimenduak baliatuko eta egokituko duen eredua. XXI. mendekoa, beraz.

1950. hamarkadaren amaiera aldean abian jarri zen ikastola mugimendu berriak, berrogeita hamar urte betetzen duen garaiotan, 2009an, oso ezaugarri bereziak, oreka bizi eta dinamikoa biltzen du, hots, haurraren ilusioa eta mugikortasuna, gaztearen eraldaketa gogoa eta helduen eskarmentua.

Ikastolak etapa luze baten helmugara iritsiak dira, eta etapa berria urratzera doaz.

Ikastolak euskal hezkuntzaren erreferentzia izan dira eta orain ere badira. Ikastola bakoitzak eta ikastolek elkarrekin osatu duten sareak ez du bizi izan gaur bezalako unerik, ez Pirinioen Iparraldeko lurraldean, ez Hegoaldekoan, ez Euskal Herriko mendebaldean, ezta Ekialdean ere.

Euskal Hezkuntza utopia izatetik euskal lurralde guztietako haur eta gazteen aukera nagusia izatera pasatu da. Eta horren barruan, ikastolek Euskaldun Hezkuntza indartu dute, eguneroko jardun praktikoaz eta sarean sortu duten hezkuntza-zerbitzuen enpresa modernoa eta abangoardistaren bidez, hau da, Ikastolen Elkartearen bidez, hain zuzen ere.

Euskal Herria mundu zabalera inoiz baino irekiago dagoen sasoi honetan, IKASTOLAK ORAIN ETA GERO txosten onetsian ezartzen dituen helburu eta jardueren bidez ikastola mugimendua Euskal Herrian eta Mundu zabalean jokatzeko `prest da:

  • IKASTOLA eredua ikertuz, garatuz eta berrituz, 2020 urterako proiektua duelako
  • Heziketa lanean, IKASTOLA ereduari lotutako Euskal Curriculuma duelako
  • Bere proiektuak abian jartzeko eta kudeatzeko Europar Kooperatiba berria duelako
  • Eta pausurik pausu, bost urtetarako helmuga, II. Plan Integrala bidez, jarri duelako

Honaino iristeko, ez da makala izan eztabaidaren eta kontrastearen bidea. Bi ikasturte oso eman dute, ideiak biltzen, ordenatzen, adosten eta testu batean jasotzen. Ikastoletako ordezkariak, federazioetakoak, ikastoletako zuzendariak, zerbitzu kolektiboetako arduradunak eta teknikariak, federazioetako zuzendariak … izan dira protagonista, parerik gabeko auzolanean.

Ikastolei aurkezpenak egin, ez behin bakarrik, birritan baizik, eskatu diren guztietan, euskal lurraldeetako txoko eta bazter guztietan izan dira. Adosteko bilkurak, elkarrizketak, banan-banakoak, bitarikoak … egin dira, konpromisoak, joan-etorriak, hitz hartzeak, testuetan ñabardurak … egin dira. Guztira, ikastolekin eta federazioekin 48 saio kolektibo egin dira, ikastolek 284 saio partikular burutu dituzte eta orotara baliatu diren orduak 1.300tik gora izan dira.

Ikastolek erakundea direla eta sen instituzionala dutela frogatu eta egiaztatu dute, lanaren eta eskarmentuaren emaitza, beren habitus kolektiboa da, beren estiloaren lekukotza erakusten duena.

Ikastolak Eredu dira. Eredu bat dute. Heziketarako eredua. Ikastola bakoitzean aritzeko eta Ikastolen Elkartean jarduteko eredua. Tokian tokiko ingurunean, auzoan, herrian, lurraldean, Euskal Herrian eta mundu zabalean egiten dutena agertzeko eta beste batzuen lankidetzatik ikasteko eredu bat dute. IKASTOLA EREDUA

2saioa-eskema

Beharbada, hauek ere gustatuko zaizkizu

Ikastolen VI. Batzarra
Ikastolen VI. Batzarra
Ikastolen VI Batzarra; bilera Saninazion
Ikastolen VI. Batzarraren kronika
Politeknika Txorierri BIEn bazkidetu da

Erantzuna utzi