Iribas Mendukilo
Esan bezala, hortxe doakizue gure gurasoek eginiko irteeraren kronika eta jarritako argazkiak.
Iribas Mendukilo
Hainbat buruhauste sortu digun arren, euripean hasi dugun ibilaldia oso gustora burutu dugu.
Txango honetarako bi talde antolatzea aurreikusi genuen, Mendukilon bisitan gehienez 50 kide batera onartzen baitituzte . Aitzarratetako Larraul ibaiaren sorburua ikusi ondoren, Iribasera itzuli eta autobusez leizera joatea zen gure asmoa.
Baina, larritu ginen ostegunean izena emandakoen zerrenda ikastolatik jaso genuenean.
Ehun eta hogeita hamar lagun guztira eta hirugarren talde bat sortu beharrean, alajaina ! Talde bakoitzak leizean ordu bete egingo zituela jakinda, zer egin kanpoan zain egongo zirenekin?
Teknologi berriei esker lortu genuen egoerari buelta ematea. Google Earth-ekin ingurua aztertu ondoren, Aitzarratetatik Mendukilora mendiz joatea erabaki genuen, baina, biderik ez genuen ezagutzen.
Atzo goizean, leizearen kokapenaren koordenadak G.P.S batean sartuak genituela bertara joan ginen bi puntuen arteko lotura egokienaren bila, eta baita lortu ere.
Gaur ordu berean bi talde irten gara Iribasko plazatik mendiz, bakoitza ibilbide desberdinarekin, eta hirugarrena autobusez Mendukilorantz. Bati baino gehiagori ez zaio asko gustatu taldea horrela sakabanatzea, baina, gure ustez ez zegon beste erremediorik, eta bete betean asmatu dugu.
Autobusean joan direnak izan dira leizean sartzen lehenak, eta irteterako zain zegoen oinez iritsitako lehen taldea. Atsedena hartu eta tripa zorriak ase ondoren, Iribasko bidea hartu dute, besteak egindakoaren alderantzizkoa, hain zuzen ere. Eta bidean, puntu puntuan ikus entzumenezkora gerturatzen ari zen hirugarren ibiltari taldearekin gurutzatu dira. Zer uste zenuten bada, gaur ibili gabe libratuko zinetela, ala?
Ordu bietan, bi autobus irten dira Mendukilotik , Iribastik hirugarrena eta guztiok batera iritsi gara Ordiziara hirurak aldera.
Santakruz apaizak burua altxatuko balu…!











